Zalantza zen gehien entzuten zen berba Athletic denboraldia prestatzen hasi zenean. Talde zuri-gorriko futbolari askoren gaitasuna jarri zen ezbaian. Baina, batez ere, defentsak sortzen zuen kezka. Eta atzelarien artean ez zegoen batere argi erdian ariko direnen ekarpena gorengo mailan duintasunez lehiatzeko adinakoa izan zitekeenik. Zuzendaritzak ere izango zuen zalantzaren bat edo beste Xabi Etxeita berreskuratu bazuen. Hura, ordea, hasiera-hasieratik alboratu zuen Ernesto Valverdek. Halaber, sasoia hamaikakoan hasi arren, Borja Ekizak ere apenas izan duen aukerarik.
Mikel San Jose, Carlos Gurpegi eta Aymeric Laporte. Horra hiru hautagai nagusiak defentsaren erdiko bi postuetarako. Valverdek, ordea, argi izan du hasieratik: Gurpegi eta Laporteren alde egin du. Eta asmatu egin du. Gurpegi, taldeko jokalari helduena izanagatik —34 urte egingo ditu abuztuan—, hasiberri baten ilusioarekin eta indarrarekin ari da jokatzen. Laportek, ordea, gazteena izanagatik —20 urte egingo ditu maiatzean—, beteranoaren patxada erakusten du astero-astero. Laporte berak gura duen lekura arte ailegatuko da. Berezia da. Biek luzatu dute kontratua denboraldion Athleticekin: Gurpegik 2015eko ekainera arte, eta Laportek, 2018ko ekainera arte.
Ligan baloia gehien berreskuratzen duen erdiko atzelaria da Gurpegi. Ematen ari den maila erakuts dezakeen estatistika bat baino ez da. Beste adibide bat? Atzelari ona neurtzeko era zuzenena bere lana egoki egiteko egin behar izaten duen falta kopurua da. Hau da, aurkaria itzalean lagatzeko zer egiten duen. Bada, Gurpegik falta barik zaindu zuen Real Madrileko Karim Benzema, eta Celtako Charles ezerezean lagatzeko ere ez zuen zailtasunik izan. Azken bi partidetan egin duen beharraren laburpen azkarra da, baina denbora darama maila horretan. Ikusgarri ari baita. Gaztetu egin da. Talde osoaren zama eramateko gai den euskarriaren traza du.
Gurpegiren jarduna ezustekoa da. Inork ez zuen espero bere kirol ibilbideko mailarik onentsuena berreskuratuko zuenik. Batetik, heldua baita. Hori gutxi ez, eta oztopoz betetako bide profesionala izan du: dopinak bi urtez utzi zuen zelaietatik kanpo, eta, horrez gain, makina bat lesio izan ditu. Larriak asko. Bestalde, futbol zelai guztietan epelak entzun behar izaten ditu. Eta, hala ere, ez du sekula etsi. Lanean jarraitu du. Gozatu egiten baitu entrenatzen. Eredua da atzetik datozenentzat: profesionala, apala eta taldekide ona. Sei hilabete nahikoa izan dira bere jokoaren eta erdiko atzelarien gaineko eztabaida amaitzeko. Datorren sasoian ere haren izena eramango du San Mameseko aldagelako armairu batek. Ondo merezita, gainera.
Nagusia maila aparta eskaintzen ari bada, zer esan hasiberriaren gainean. Laporte lehen taldeko jokalaririk gazteena da, baina eskarmentu handia duten futbolarien lasaitasunarekin jokatzen du. Atzelari frantziarra beheko mailetan azaleratu zituen dohain guztien berri ematen ari da onenen artean. Urtebete eskas nahikoa izan du Fernando Amorebieta ahaztarazteko. 42 partida baino ez ditu jokatu, eta dagoeneko taldeko erreferentzia nagusietako bat da. Ordezkaezina da. Entrenatzailea ere pozez txoratzen dauka. Valverdek adin horretan ez duela «antzeko» ezer esan die inguruan dituenei. Izan ere, askoz errazagoa da erdiko atzelari gaztearen gabeziak aipatzea dohainen errepasoa egitea baino.
Handien jomugan
20 urte bete ez dituen futbolari batek gauza bat baino gehiago izango du zuzentzeko, baina, batez ere, gehiegizko konfiantza izan daiteke landu beharreko gauzetako bat. Hau da, norberaren buruan sinestea ezinbestekoa da arrakasta lortzeko, baina zenbait kasutan erdiko atzelari batek hartu ezin dituen arriskuak hartzeko ohitura dauka. Errazago jokatzen ikasi behar duela, alegia. Baina ez du samurra izan behar goi mailako erdiko atzelari izateko dohainak izanda. Laporte ezkerra da. Merkatuan ez dago aukera zabala. Baina, ezkerra eta gaztea izateaz gain, atzelari bati eskatzen zaion dena dauka: lasaia eta teknika onekoa da; garaia da (1,89 metro), eta erasoan zein defentsan goiko jokoa menperatzen du; eta, garaia izan arren, bizia eta indartsua da. Finean, atzelari osoa da. Okerrik ezean, orain ona eta etorkizun aparta du. Horregatik ari dira lupaz aztertzen haren hazkundea talde indartsuenak, Bartzelona, Arsenal eta Paris Saint-Germain, besteak beste. Duela hilabete eskas luzatu zuen kontratua hirugarrenez, baina ez dago argi abuztuan elastiko zuri-gorria jantziko duen.
Areako zaindariak
Athletic seigarren da sasoi honetan ligan gol gutxien jaso duten taldeen sailkapenean. Carlos Gurpegiren eta Aymeric Laporteren lan onak zerikusi handia du horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu