Tati Garmendia. Super Amara Bera Berako kirol zuzendaria

«Are inportanteagoa izango da aurten sasoi-aurre ona egitea»

Tati Garmendiak aspalditik zuen lotuta datorren denboraldirako taldea, baina, koronabirusaren pandemia tarteko, lanez eta bileraz gainezka ibili da, eta klubak erabaki garrantzitsuak hartu behar izan ditu.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Bera Berak hilaren 27an hasiko du sasoi-aurrea. Aurreko sasoiarekin alderatuta, taldeak aldaketa gutxiago izango ditu. Tati Garmendia kirol zuzendaria (Donostia, 1974) pozik dago.

Dena lotuta izanda, lasaiago joango zara oporretara, ezta?

Nahiko lasai noa, bai. Dena den, denboraldi-aurreko lehen egunerako jokalari atzerritar guztiak hemen daudenean geratuko naiz erabat lasai. Hegaldiak eta bestelako paper guztiak prest dituzte, baina egoera honetan egunero aldatzen dira gauzak.

Hartu duzuen azken erabakia EHF Kopan izena ematea izan da. Pandemiak eragindako krisi ekonomikoa kontuan hartuta, sekula baino zailagoa izan da urrats hori egitea?

Gure kasuan, Donostiako Udalak izan ezik, gainerako babesle nagusi guztiek eutsi egin diete laguntzei. Txiki batzuk baino ez ditugu galdu. Horrek gure proiektuaren sendotasuna erakusten du. Zaila zen, eta eskertu egin behar diegu egindako ahalegina. Txapeldunen Ligan jokatzeko gonbidapena eskatzea aztertu genuen, baina, zuhurtziaz jokatu, eta ez egitea erabaki genuen. EHF Koparako, hasiera batean, 15.000 euroko bermea jarri behar duzu, baina gero itzuli egiten dizute. Gastuak bidaienak-eta dira.

Datorren sasoian, Bidebietan jokatu beharrean, Gaskan jokatuko duzue. Nolatan?

Bidebieta gure etxea da, eroso gaude han. Baina Gaskan jokatzeko aukera ere buruan genuen. Partidaren batean inkestaren bat ere egin genuen zaleen artean, batez ere Bidebietara iristekodauden zailtasunengatik. Horrekin batera, beste hainbat gertaerak eraman gaituzte erabakia hartzera. Batetik, taberna kendu ziguten, eta guretzat hori diru-iturri bat zen, sortzen zen giroarekin batera. Gainera, orain, edukieran ezarritako mugekin, ez genuen nahi gure bazkide eta zaleak kanpoan geratzea, eta alde horretatik arrisku gehiago genituen Bidebietan. Entrenatzen, dena den, gutxienez hiru egun Bidebidetan segituko dugu. Harrobiko taldeek hor jokatzen eta entrenatzen jarraituko dute, eta lehen taldeak haiekin ere egotea nahi dugu.

Jokalariek nola hartu dute?

Uste dut naturaltasunez hartuko dutela. Aurretik, kapitainekin hitz egin izan dut gai horretaz. Duela pare bat denboraldi, Albak [Menendez jokalaria] berak esan zidan:«Ez al duzue pentsatu Gaskan jokatzea?». Ohituta daude horretara, Europako partidak eta Teledeporten ematen dituztenak han jokatzen dituztelako.

Hilaren 27an itzuliko da taldea entrenamenduetara. Sasoi-aurrean berezia izango da, ezta?

Lan kargak zaintzea funtsezkoa izango da. Batez ere sorbalda ondo zaindu beharko dute, oso artikulazio berezia eta delikatua baita. Denbora asko da baloi bat ukitu gabe, eta intentsitate handiz entrenatu gabe. Denboraldi-aurre on bat egitea are inportanteagoa izango da aurten.

Aspaldi lotu zenuen hurrengo sasoirako taldea. Hiru fitxaketa egin dituzue: Alice Fernandez atezaina, eta Laura Hernandezeta Malena Cavo albokoak. Gustura osatutako multzoarekin?

Bai. Fitxaketek asko emango digute. Baina pozik nago batez ere taldean zeuden jokalari gehienei eutsi diegulako, eta hori oso garrantzitsua da. Izan ere, aurreko sasoian aldaketa asko izan genituen. Taldea uste baino azkarrago egokitu zen, eta, urtebeteko esperientziarekin, uste dut are gehiago eman dezakeela. Denboraldi-aurrea lehen taldearekin egingo duten harrobiko lau jokalariekin ere oso pozik gaude.

Hutsune handiena Silvia Arderiusena izango da, ezta?

Bai, argi dago.Pena da, funtsezko jokalaria baitzen. Baina erabakia zuen hemengo aroa amaituta zuela. Beste jokalari batzuk etorri dira, eta haiekin gure jokoa egingo dugu.

Ligako txapelketa eredua aldatu egin dute, eta bi multzotan banatuta jokatuko da. Gustuko duzu?

Nik nahiago nuen denek denen kontra jokatzea. Justuagoa dela uste dut, eta guretzat aproposagoa. Baina datorren sasoiko egutegia oso betea izango da. Bi Espainiako Kopa jokatuko dira, Ohorezko Mailan bi talde gehiago egongo dira, Europako Txapelketak, selekzioen partidak... Beraz, ligan denek denen kontrakoa jokatzea gehiegizkoa litzateke, eta zentzukoena bi multzotan egitea da. Gainera, eredu berria pizgarri izan daitekeela uste dut. Ezusteak egoteko aukera gehiago dagoela uste dut; adi egon beharko dugu.

Zer iritzi duzu zuen multzoari buruz?

Uste dut bi multzoak oso parekatuta daudela, nahiz eta, beharbada, egoera ekonomikoa tarteko, igo direnek arazo gehiago izan ditzaketen. Goian, berriz, Guardes, Malaga eta Ro'Casa oso ondo indartu dira, eta berdintasun handia izango da.

Osasun protokoloari dagokionez, berririk baduzue?

Oraingoz ez, baina argi dago neurriak zorrotzak eta zentzuzkoak izango direla. Guri dagokigunez, gure esku dagoena egiten ari gara, eta neurri guztiak betetzen ditugula bermatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.