Are gehiago estutu da

Titinek eta Merinok aurrera pauso baliotsua eman dute (22-17), eta Berasaluzek eta Albisuk kolpe handia jaso (22-19)

Titin III.a, belauniko, pilota zail bat ezkerrez bueltatzen, atzo Iruñean jokaturiko partidan. SINADURA / AGENTZIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Titin III.ak eta Merino II.ak aurrera pauso garrantzitsua eman zuten atzo binakako txapelketako finalerdietarako bidean. 22-17 irabazi zieten Xala eta Zubietari Iruñean, partida luze batean, eta, bide batez, aurkariak pasa zituzten sailkapenean. Eguneko beste partidan, Zornotzan, Berasaluze II.ak eta Albisuk bizkarreko gogorra hartu zuten. 15-8 irabazten joan ondoren 22-19 galdu zuten Bengoetxea VI.a eta Beginoren, Zabalaren ordez, aurka. Azken horiek, era berean, bete-betean murgildu dira laugarren postua lortzeko lehian.

Bi partiden analisi bateratuak ondorio garbia uzten du: sailkapena are estuago dago. Batetik, Xalak eta Zubietak ez dutelakoihes egiten, eta, bestetik, duela aste batzuk aukerarik ez zuela zirudien bikote bat berriz ere lehian sartu delako. Bengoetxea eta Zabala, edo Begino, geinera, behetik gora egiten ari direla dirudi.

Titinek eta Merinok altxorra lortu zuten Labriten, irabazteaz gain Xala eta Zubietarekiko tanto aldea ziurtatu zutelako. Bi partidak irabazi dizkiete enpresa kideei. Neurketa luze eta gogorra izan zen eta Merino nabarmendu zen. Atzelaria txapelketa bikaina egiten ari da, eta, defentsa ikaragarria erakutsi zuen beste behin. Titinek ere, azken asteetako partidarik onenean, ondo lagundu zion. Zubietari, aldiz, partidan sartzea kosta zitzaion, eta Xala deseroso zebilenez, irabazleek tartetxoak ireki zituzten lehen ordu erdian (7-4, 8-8 eta 13-9).

Zubieta berotzen joan ahala, urdinak gora egiten hasi ziren. Gehiago ziren piloteoan, baina tantoa egitea asko kostatzen zitzaien. Apurka-apurka, partida berdintzea lortu zuten (15-15). Merino lehertu egingo zela zirudien, baina ez, sendo jarraitu zuen, Zubieta eutsiz. Partida ikusgarria egin zuen. Titinek errematean asmatu zuen azken txanpan, Xalak eta Zubietak, aldiz, behar baino huts gehiago egin zituzten. Errioxarrek ondo kudeatu zuten berriz lorturiko tartea (19-15).

15-8 aurretik, eta galdu

Berasaluze II.ak eta Albisuk beste bizkarreko bat jaso zuten. Txapelketa honetan izandako porrot traumatikoen zerrenda handitzen doa. Ez bakarrik emaitza estua izan zelako, baita ere zoritxarreko kolpe baten erruz ondo kontrolatuta zuten partidak ihes egin zielako. Galtzaileak 15-8 aurreratu ziren. Albisuk erakustaldia eman zuen ordura arte, une oro Beginori bizkarra erakutsiz. Bengoetxea saihestea lortzen zuen eta Berasaluzek ondo baliatu zituen errematerako aukerak. 15-8ko tantoan, baina, Berasaluzek bere burua kontra kantxara bota zuen, eta kolpea hartu zuen saihetsetan. Uzkurdura egin, eta aldagelara joan behar izan zuen.

Hortik aurrerakoa beste partida bat izan zen. Bengoetxeak eta Beginok aurrelariarengan ikusi zuten desabantaila murriztekn joateko bidea (15-13, 17-17 eta 19-19). Berasaluze eta Albisu urduritu egin ziren, eta kirioekin batera hutsak iritsi ziren azken txanpan. Iazko txapeldunordeek bi partidetara dituzte orain finalerdietan sartzeko postuak. Bestalde, ligaxkako 10. jardunaldia gaur bukatuko da, Eibarren. Cecilio ariko da Barriolaren ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.