Argentinako futbolean bidea egin zuen Nahuel Tenagliak (Saladillo, Argentina, 1996). 2016an aritu zen estreinakoz profesional gisa, Atlanta taldean, eta Talleres Cordoban jo zuen goia: 2021eko Kopako finala jokatu zuen. Haatik, noizbait Europan jardutea zen Tenagliaren ametsa, eta Alavesek eman zion aukera, duela hiru denboraldi. Asmatu egin zuen klubak, baita jokalariak ere. «Asko gozatu eta ikasi dut orain arte». Funtsezko bihurtu da; hainbeste, ezen taldeko kapitainetako bat baita gaur egun.«Oso pozik» dago lehen lehietako jardunarekin: taldearen «lehiakortasuna» nabarmendu du
Denboraldiko partidarik txarrena jokatu zenuten Getaferen zelaian (2-0). Zer analisi egin duzue taldean?
Txarrak izan ziren partida nahiz emaitza, garbi dago. Baloia denbora askoan egon zen airean, eta falta ugari izan zen. Apenas jokatu ahal izan genuen futbolean. Partidari ezin izan genion neurria hartu, eta xehetasunak kontra izan genituen. Minduta gelditu ginen. Hala ere, aurrera begira gaude jada. Bartzelona hartuko dugu; partida berezia izango da, baita zaila ere, eta guk etxean sendo jarraitu nahi dugu.
Galdu egin zenuten duela bi jardunaldi ere, Real Madrilen zelaian (3-2). Bestela, itxura ona eman duzue oro har, eta hamar puntu dituzue dagoeneko. Pozik zaudete?
Bai, oso pozik gaude. Talde lehiakorra izan gara, eta hori da arrakastaren oinarria. Badakigu jokalari bakoitza jo eta ke aritu ezean, kosta egiten zaigula emaitza onak lortzea. Oso engaiatuta gaude denok, eta gauzak ongi ari zaizkigu ateratzen. Helburua, orain arteko emaitzei jarraipena ematea da, salbaziora pausoz pauso hurbiltzeko.
«Kalitate aldetik beste koska bat igotzen lagundu digute jokalari berriek. Funtsa, ordea, berbera da»
Aurreko denboraldian baino talde hobea duzue? Eta hala bada, zertan egin duzue hobera?
Uste dut antzeko taldea garela. Egia da taldekide asko atera direla, eta beste asko iritsi, oso maila onean. Kalitate aldetik beste koska bat igotzen lagundu digute. Baina funtsa, berbera da: batasuna, umiltasuna eta lehiakortasuna. Jokalariok sekulako gogoa dugu hamaikakoan izateko, eta entrenamenduetan dugun onena ematen saiatzen gara. Alde horretatik, talde barruko dinamika ez da aldatu sasoi batetik bestera.
Sei partida jokatu dituzu orain arte, seiak titular moduan. Pozik zaude zure jardunarekin?
Bai, gustura nabil. Jokatu, eta taldeari lagundu; horretarako egiten dut lan egunero. Entrenatzailea jokatzeko denbora dezente ari zait eskaintzen, eta oso pozik nago. Ondo ari naiz baliatzen jokatzeko aukerak. Postu batean edo bestean jokatu, beti saiatzen naiz nire alea jartzen.
Iaz beste gisa batera hasi zenuen denboraldia: aulkian izan zinen lehia gehienetan, Andoni Gorosabel hobetsi baitzuen entrenatzaileak. Nola bizi izan zenuen egoera hori?
Ikasketa handiko denboraldia izan zen. Egia esan, Gorosabel bikain aritu zen. Oso jokalari adimentsua da, eta asko erreparatu nion. Aulkian egotea egokitu zitzaidan, eta taldeari ahal nuen neurrian laguntzen saiatu nintzen, aukerak iritsi bitartean. Oso urte baikorra izan zela esango nizuke. Azken txanpan aldatu egin ziren gauzak, eta partida asko jokatu nituen.
Luis Garcia Plaza entrenatzaileak behin baino gehiagotan goratu du zure jarrera. Horrez gain, jokalari moldakorra zara, eta ezaugarri hori ere asko estimatzen dute teknikariek.
Bai, erdiko atzelari aritu nintzen iragan denboraldiko partida batzuetan, baita denboraldiaurreko lehiarik gehienetan ere. Norbait falta denean, beti nago laguntzeko prest. Argentinan ere ez nuen beti hegaleko gisa jokatu. Nik, azkenean, zera nahi dut, jokatu eta taldeari lagundu. Berdin dio postu batean edo bestean izan.
Laugarren urtea duzu Alavesen. Atzera begiratuta, nolakoa izan zen Argentinatik iritsi eta herrialde eta txapelketa berri batea egokitzeko prozesua?
Ilusio handiz iritsi nintzen, baina sei hilabeteren buruan maila galdu genuen. Futbolean gauzak oso azkar aldatzen dira, eta hurrengo urtean Lehen Mailara itzuli ginen. Asko gozatu eta ikasi nuen igo ginen urtean, eta, aurreko sasoian ere, berdin. Egia esan, oso pozik nago Alaves hautatu izanarekin. Gauza ederrak bizi izan ditut futbolean, eta hortik harago, nire alaba hemen jaio zen. Niretzat, oso toki berezia da Gasteiz.
Taldeko kapitainetako bat zara. Eroso zaude ardura horrekin?
Ardura baino gehiago, ohorea da niretzat kapitain izatea. Teknikariak eta taldekideek konfiantza handia dute nigan, eta horrek oso harro sentiarazten nau. Alavesen urte gehien daraman jokalarietako bat naiz, eta pozik eta eroso nago kapitain moduan.
«Jendea oso atsegina da, eta futbola pasio handiz bizi da. Alde horretatik, kutsu argentinarra du Gasteizek»
Mate asko edaten da Alavesen: hainbat argentinar eta uruguaitar zaudete taldean.
Beti da lagungarria taldekideetako batzuk herrikideak izatea. Ez ditugu multzoak sortzen talde barruan, denekin dugu harreman ona, baina egia da argentinarrok eta uruguaitarrok elkartzera egiten dugula. Mateak asko batzen gaitu: kontzentrazioetan arratsaldez edo goizean esnatzen garenean hartzen dugu.
Baduzu herriminik? Zeren falta sumatzen duzu nagusiki?
Familia eta lagunak oso urrun daude, baina nahi dudan tokian nago. Beti aritu nahi izan dut Europako futbolean, eta ametsa betetzen ari naiz orain. Gainera, Gasteiz hiri zoragarria da. Jendea oso atsegina da, eta futbola pasio handiz bizi da hemen. Alde horretatik, kutsu argentinarra du. Oraindik beste urte batzuetarako kontratua dut [2027ra arte sinatu zuen], eta hemen jarraitu nahiko nuke.
Osasunak getaferen zelaian jokatuko du gaur
Etxean emandako irudi ona Sadarretik urrun emateko erronka du Osasunak. Izan ere, sasoi honetan ez du oraindik garaipenik lortu bisitari moduan aritu denean. Gaur du horretarako abagunea Vicente Morenoren taldeak. Nafarrek Getaferen zelaian jokatuko dute (16:15, Movistar)
Jon Moncayola da berritasun nagusia deialdian. Morenok lehiakor izatearen garrantzia azpimarratu zuen atzo gaurko partidaz hitz egitean. «Oso gol aukera gutxi sortzen dizkiote Getaferi, eta arlo horretan eraginkorrak izan behar dugu».