Ardoa bezala: urteekin hobetuz

Borja Viguerak hiru gol sartu ditu Alavesentzat denboraldia hasi zenetik. Golegilea izan da beti, eta taldearen argia da aurrealdean. Gozatzen ari da, hainbat lekutako bideetan sufritu eta gero.

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2013ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Bazetorren, baina ez zen iritsi. Bidean geratu behar izan zuen». Jokalari gazte askoren inguruan jartzen den esaldi sorta da goikoa. Harrobiarekin lan egiten duten taldeetan, esaterako, ohikoa izaten da bidean asko geratzea, lehen taldera heldu gabe. Borja Viguera (Logroño, Espainia, 1987) bidearen erdian geratu zen. Realarekin Lehen Mailan egin zuen debuta, baina hor geratu zen. 2010eko abuztuan izan zen hori.

Hainbat denboraldiz Zubietan lanean aritu eta gero, hartu zuen sona futbol munduan, eta ona zetorrela ere zabaldu zen. Baina usteak erdia ustel. Ona bai, baina Lehen Mailan ezin egonkortu. Debuta egin eta bost hilabetera, Nastic Tarragonara joan zen, Realak utzita. Golegile han ere, hasi eta berehala. Baina belauna txikitu zuen otsailaren 13an. Lesio larria, hainbat hilabetez jokatu ezinda. Realean ekin zion 2011-2012ko denboraldiari, baina Nasticera joan zen utzita, berriz. Partidarik ez jokatzeko han, eta Albacetera gero, neguan. Realean 2012ko ekainean bukatu zitzaion kontratua, eta Alavesek fitxatu zuen. Han jarraitzen du, «eta eskerrak», pentsatuko du, esaterako, Natxo Gonzalez entrenatzaileak.

Izan ere, Bigarren B mailatik Bigarrenera igotzeko, oso garrantzitsuak izan ziren aurrelariaren golak: hamabi sartu zituen. Realean gozatu ezinak eta lesio larriaren ondoezak futbolaren alderdi ilunena erakutsi zioten, baina Alavesen aurkitu du beste alderdia. «Egonkortasuna eman dit, lasaitasuna, eta gozatzen ari naiz», esan dio BERRIAri. Viguerak ere asko eman dio klubari. Joan zen denboraldian ez ezik, oraingoaren hasieran ere bai. Izan ere, ligan, bi gol sartu ditu ligako sei partidatan, eta Espainiako Kopan, berak egindako golak eman dio Alavesi aurrera jarraitzeko aukera. Zenbaki onak dira.

Gazteagoa zela, Realean zegoenean, antzematen zitzaion jokalari ezberdina zela besteen aldean. Zelaian edozer egitera ausartzen zen, horrek batzuetan eraginkortasuna kentzen bazion ere, baina berak horrela jokatzen zuen. Hori zuen bere estiloa. Garrantzitsua sentitzen zen, esaterako, Reala Bn egon zen denboraldietan, eta orain ere, Alavesen, halatsu dago: «Esan daiteke hau dela jokalari gisa bizitzen ari naizen arorik onena».

Bakardade hori bere horretan aztertuta pozik den bezala, taldearen baitan joan zen igandean hasi zen poztasuna sentitzen. Bera eta bere taldekideak, liga honetako aurreneko garaipena lortu berritan, Sporting lehen sailkatuaren aurka: «Polita izan zen. Hiru puntuak behar genituen, puntuz urri genbiltzalako eta konfiantza berresteko, gure buruan sinesten jarraitzeko».

Sei partida behar izanak lehen garaipena lortzeko, gogoeta hauek eragin dizkio aurrelariari: «Batetik, esan nahi du oso zaila dela Bigarren maila honetan partidak irabaztea. Berdintasun handia dago, eta kontu txikienak ere egundoko garrantzia dauka. Gauza txikienak ere ondo egin behar dira, eta guk, lehen partidetan, kontu txiki horien eraginez ez genuen irabazi partidaren bat edo beste. Bestetik, esan nahi du taldeak ez duela konfiantza galdu emaitzak onak izan ez direnean, eta indar handia eman digu aurrera segitzeko».

Bigarren mailan, kalitatea

Lehenengoa lortuta, eta ikusita zer berdintasun dagoen, bigarrena jarraian aurrerapausoa litzateke: «Lehenbailehen lortu nahi dugu mailari eusteko helburua, eta Alcorconen aurkako partida oso garrantzitsua da. Aurkaria ona da, baina, beti bezala, irabaztera aterako gara». Balizko hiru puntu horiek lasaitasun handiagoa emango liokete taldeari, eta hain liga berdinduan ez da gutxi: «Bizpahiru partida jarraian irabazita, sailkapenaren erdialdetik gora jartzeko aukera dago». Eta galtzen bada zer? «Ez dugu burua galduko. Ez da hondamendia izango. Badakigu zein den gure bidea, eta aurreneko bost jardunaldietan irabazi gabe egon garenean erakutsi dugu ez garela hondoa jotzen duen taldea».

Solasaldian zehar, sarri aipatu izan du «kontu txikiak» hitz parea. Orain ere bai: «Bigarren Mailan, kalitate tekniko handia duten jokalariak daude, eta edozein jokalditan sar dezakete gola. Horregatik da garrantzitsua ahalik eta gauza gehienak ondo egitea, eta bihar, horixe egin beharko dugu Alcorconen». Irabazten ederki ohitu zen bera eta bere taldea aurreko denboraldian: «Inoiz ez ditut hainbeste partida irabazi denboraldi batean». Orain, bestelakoak dira kontuak: «Badakigu askoz gehiago kostako zaigula irabaztea, eta jabetu gara horretaz. Beste egoera bat bizi beharko dugu, baina jakitun gara».

Bi mailen arteko aldea handia dela dio: «Azpikoan, hamar jokalarirekin geratuta ere, gai izan zaitezke aldeko emaitzari eusteko, adibidez, baina Bigarren Mailan, ia ezinezkoa da hori lortzea». Lanak zeresan handia omen du maila horretan, baina besterik ere bada. Kalitate teknikoa, esaterako. Urrutira jo gabe, Gasteizen dago jokalari horietako bat. Horretatik ere bai baitu Viguerak. Beti izan du, eta hori ez da galtzen. Behar du aurrelariak horretatik, golak sartzeko trebezia eta abilezia, sena. Denak beharko ditu taldeak. Oraingoz, inor ez da kexatuko Vigueraren lanarekin. Bere lurraldeko ardoa bezala, urteekin zaildu egin da, eta trebeziari eraginkortasuna gehitzen hasi zaio. Hobetuz doa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.