Arazoa ez da adina, baizik eskarmentua

Atzelari profesionalen batez besteko adina ez da 24 urtera iristen, eta jada ez dago atzelari beteranorik. Abel Barriolak eta Fernando Goñik garbi dute non egon den aldaketa: enpresetan.

2018ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Kirolari baten agurrean, zaleak errespetua erakutsi nahi dio protagonistari. Egindako lana goraipatzeko eta eskertzeko modua izan ohi da. Hunkigarriak eta politak izan daitezen desira da. Pilotaren kasuan, ordea, azken boladan agurreko partidek eta ekitaldiek gehiago dute amorrutik, emoziotik baino.

Urte luzez profesionaletan aritu, eta erretiroa euren borondatez hartu duten pilotariak geroz eta gutxiago dira. Atzelari postuan, zer esanik ez. Azken urteetan, Abel Barriolak eta Aitor Zubietak soilik izan dute ohore hori. Aurrenak 39 urterekin utzi zuen pilota, agur esateko garaia zela uste zuelako. Zubietaren agurra lesioek behartua izan zen. Hala ere, ordurako hamahiru urtez aritu zen profesionaletan.

Azken agurretan, ordea, enpresen erabakiek baldintzatu dute hein handi batean atzelarien etorkizuna. Merino anaien afera izan da azkena. Aspe enpresak kontraturik ez berritzeko erabakia hartu zuen. Miguel Merinok 32 urte ditu; Davidek, berriz, 28. Beste zenbait kasu aipagarri dira Julen Urruzolarena, Mikel Beroizena, Cecilio Valgañonena eta Alexis Apraizena. Pilota profesionala utzi behar izan zutenean 27, 29, 30 eta 32 urte zituzten, hurrenez hurren. Hiruren kasuek bilakaera bera izan zuten: geroz eta jaialdi gutxiago jokatzeko, enpresen konfiantza falta eta gazteei lekua utzi beharra. Belaunaldi baten faltak atzelari beteranorik gabeko panorama utzi du.

Gaur egun, atzeko koadroetan lanean ari den pilotaririk zaharrena Ibai Zabala da, eta 31 urte besterik ez du. Gazteena, berriz, Aitor Aranguren da. Asegarceko atzelariak 18 urte eta bi hilabete eskasekin egin berri du debuta. Profesionaletara salto egin duten atzelariak asko ugaritu dira azken urteetan. Horren erakusle da atzelarien %32k 2017an edo 2018an egin dutela debuta. Horren ondorioz, Aspe eta Asegarceko atzelarien batez besteko adina 23,83 urtekoa baino ez da.

Urrun gelditu dira Oskar Lasa, Fernando Goñi, Aitor Elkoro eta antzeko atzelari beteranoak. Abel Barriola eta Fernando Goñi pilotari ohiek bat egiten dute atzelarien profil aldaketaren zergatian: «Arrazoiak enpresen politikaren aldaketa eta material berria dira». Barriolaren ustez, «urte batzuen buruan izar bat izan ezean, enpresek ez dute gupidarik pilotari bat kalera botatzeko. Pilotari gazte berriak ikusi nahi dituzte kantxan». Enpresek kalitatea lehenesten dute, kantitatearen ondoan. Aspen, esaterako, hamar atzelari soilik daude. Horietatik zortzik jokatu behar dituzte lehen eta bigarren mailako txapelketak.

Azkar ikasi behar

Goñi III.aren ustez, enpresen pentsamolde aldaketa horrek «gurpil zoro arriskutsua» sortu du: «Arazoa ez da pilotari oso gazteek debuta egitea, ematen zaien denbora baizik. Atzelari gazteek konfiantza behar dute egokitzeko, lan zaila baita». Goñik, esaterako, Binakako Txapelketa nagusiko lehen txapela28 urterekin jantzi zuen. Azkena, berriz, 36rekin.

Atzelariek duten ikasketa prozesua nabarmen murriztu da. Afizionatuetatik profesionaletako punta-puntara jauzi bakarra egiten dute kasik. Binakako Txapelketako datuak dira horren erakusle. Aurtengo ekitaldian jokatu duten atzelarien batez besteko adina orain hamar urtekoa baino sei urte inguru gazteagoa izan da: 25 urte orain eta 31 urte lehen. 2008ko atzelaririk gazteenek aurtengo helduenaren adin bera zuten. 28 urte zituzten orduan, Haritz Beginok eta Patxi Ruizek; Jon Ander Albisuk adina.

Gainera, atzelarien lana are zailagoa da jokatzeko erabiltzen diren pilotekin. Enpresek ikuskizunaren izenean pilota biziagoen aldeko apustua egin dute. Abiadura asko bizkortu da urteotan. Goñirentzat, «ez da normala» edozein aurrelarik pilota errebotean jartzea.

Aurrelariak dira izarrak

Horrez gain, aireko jokoak hartu duen garrantziak aurrelariengan soilik jarri ditu fokuak. Urteotan, erremateak dira ikuskizunaren sinonimo. Ondorioz, Goñik uste du atzelarien lana «gutxiesteko» joera dagoela. Pilotako «izarrak» aurrelariak soilik izatea aurrelarien eta atzelarien arteko «oreka hausteko arriskutsua» izan daitekeela uste du: «seme-alabek lana errazago topatzeko balio dezaketenikasketak egitea nahi dugun moduan, batzuek aurrelari izan daitezen nahiko dute». Barriolak etorkizuna ez du hain beltz ikusten. Haren aburuz, Albisu, Jose Javier Zabaleta, Beñat Rezusta eta abar profesionaletan ariko dira «40 urte ingururekin».

Hala ere, gaur egun pilotatik bizitzea ez da erraza. Barriolak, ordea, argi du pilotaria ez dela «inozoa». Enpresek hartu duten bideaz ohartuta, debutatzen duten pilotari «gehienek» ez dituzte ikasketak albo batera uzten. Ez punta-puntakoek ere. Jokin Altunak, Iker Irribarriak eta Rezustak, adibidez, badituzte ikasketak.

Enpresen partetik zer hobetu ugari badago ere, Barriolak eta Goñik ikusten diote etorkizuna pilotari. Barriolak argi du: «Pilota osasuntsu dago orokorrean. Enpresak joan eta etorri egiten dira, baina pilotarekiko afizioa eta maitasuna hor daude beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.