Beste behin ere, polemikak belztu du Kontxako trapu zuria. Oraingoan, Hondarribia eta Urdaibai daude eztabaidaren erdi-erdian, eta jakina, epaileak.
Bigarren luzearen erdialdera gertatu zen guztia. Urdaibai ia estropada osoan buruan joan bazen ere, Hondarribiak atzetik aurrera egin zuen, eta aurrean jarri. Traineru erdi bat edo aurretik. Hondarribia laugarren kalean, Urdaibai hirugarrenean. Urdaibai laugarren kalera nabarmen joanda zihoan, eta Hondarribia kaleari eusten ari zen. Momentu batean,bi ontzietako arraunek elkar jo zuten; une txikia izan zen. Uretako epaileak ez zuen ezer esan. Gero, helmugan, Urdaibai sartu zen aurretik, Orio izan zen bigarren eta Hondarribia hirugarren; hirurak segundo eta erdian. Urdaibairena zen bandera, eta ospatzen hasi ziren. Baina lehorrean, Hondarribiak inpugnatu egin zuen estropada, Urdaibaik abordatu egin zituela argudiatuz. Azkenean, epaileek deliberatu zuten: bandera, Hondarribira.
Hori dena gertatu eta hogeita lau ordura, BERRIAk bi entrenatzaileekin hitz egin zuen, eta ondorioa hauxe da: araudia bat eta bakarra izan arren, batentzat abordatzea dena bestearentzat ez da. Mikel Orbañanosek, Hondarribikoen arduradunak, oso garbi du zer gertatu zen: «Urdaibaik ez zuen araudia bete. Gure kalean etorri zen denbora askoan, eta estropadako gure une onenean, beraiei aurrea hartu genienean, oztopatu egin gintuen». Bera ez zen Ama Guadalupekoa traineruaren tostetan, baina arraunlariek kontatu ziotena ari da azaltzen. Ioseba Amunarriz patroiak esan ziona ere aipatu du: «Berak esaten dit Gorka [Gorka Aranberri] etorri zitzaiola gainera, eta ez alderantziz». Gertatuarekin jarraituz, epaileei bota die gertatuaren errua: «Uretako epaileak egin zuen akatsik handiena, ez zuelako uretan bertan hartu une hartan hartu behar zuen erabakia: Urdaibai kaleratzea». Hari horri tiraka gogoeta hau utzi du: «Pena da, beste behin ere, kluben errekurtsoek erabakitzea zein den Kontxako garailea, epaileek ez erabakitzeagatik».
Bestelako iritzia dauka Urdaibaiko arduradun teknikoak. «Arraunek elkar jo zutela ez dut ukatuko, baina abordatzerik ez zen egon», dio Jon Salsamendik. Araudiari eusten dio hori esateko: «Kontxako araudiak dio abordatzea izango dela bi ontzik elkar jotzen badute; gure kasua ez zen hori izan. Arraunak elkar jotzea abordatzea dela dio araudiak baldin eta arraunean jarraitzea galarazten badu, eta hori ez zen gertatu». Estropada buruan duela ari da hizketan, mila bider ikusia izango du eta: «Uretako epaileak ondo betetzen du bere lana. Araudiak dioena ondo ezagutzen duela erakutsi zuen, abordatzea izan bazen erabakiren bat hartuko zuelako, eta ez zuen hartu. Berak baloratu behar zuen arraunen talkak zer eragin izan zuen estropadan, eta iruditu zitzaion ez zuela eraginik izan». Beste datu bat ere ematen du ontzien joanean kalterik ez zuela eragin azaltzeko: «Oriori bi segundo ateratzen genion biok elkar jo baino lehen, eta gero, bakoitzak bere bidea hartu zuenean, bi segundorena izaten segitzen zuen aldeak. Gure artean eragozpena izan balitz, Orio gainera etorriko zitzaigun». Ondorioz, kaleratuak izateko zigorra jasotzea ez zaio bidezkoa iruditzen: «Abordatzerik egon ez bazen, zergatik ezarri digute abordatu izanaren zigorra?».
Estropada amaituta uretako epaileak bandera zuria jaso zuela ezin du ziurtatu, «ez baitut irudirik ikusi», baina baiezkoan dago: «Bestela zergatik eman zizkiguten guri denbora ofizialak estropada bukatu eta hamar minutura?». Azalpen horretan, galdera hau egin du: «Zer gertatu zen epaileen arteko bileran? Estropada berriz epaitu al zuten? Uretako erabakia aldatu egin zuten, eta ezin da hori egin».
Oztopoak helegitearekin
Urdaibaik helegitea jarriko dio epaileen erabakiari, Espainiako Olinpiar Batzordean: «Horixe da helegitea jaso dezakeen erakunde bakarra. Klubeko abokatuak esan dit antolakuntzak ez dizkiola eman nahi estropadako akta, Hondarribiaren inpugnazioa eta uretako epaileak bileran esan zuena. Zer ezkutatu nahi dute, epaile horrek estropada balekotzat eman zuela txanda bukatu berritan?».
Arrauna. Kontxako Bandera
Araudian kateatuta
Hondarribian garbi dute Urdaibaik abordatu egin zituela igandean, eta Urdaibaik dio ez zela abordatzea izanBermeoko klubak helegitea jarriko du Espainiako Olinpiar Batzordean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu