Saskibaloia

Araskik, IDK-k eta Gernikak ez dute ikatzik jaso nahi Ligan

Gernikak aurkari zuzen baten aurka jokatuko du, Gironaren aurka. IDK-k Koparako sailkapena bideratu dezake Cadi la Seuren aurka irabaziz gero. Araskik Estudiantes hartuko du Mendizorrotzan.

ARASKI-IDK.
Araskiko eta IDK-ko jokalariak azken derbian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
pettan uralde
2023ko abenduaren 23a
05:00
Entzun

Urtea amaitzear dela, Endesa Ligako euskal taldeek ez dute atsedenik hartzerik. Araskik, IDK-k eta Gernikak bi jardunaldi dituzte jokatzeko oraindik 2023an, gaur lehena. Gaurkoak lehia handiko partidak izango dira, aurkari zuzenen kontrakoak. Araskik Estudiantes hartuko du Mendizorrotzan (12:00), IDK-k Cadi La Seu Gascan (18:00), eta Gernikak Gironari egingo dio bisita (18:00).

Hiru partida baino ez dira falta lehen itzulia amaitzeko. Hiru partida horietatik bi Gascan jokatuko ditu IDK-k. Sailkapenean seigarren dago, Espainiako Koparako sailkatzea ziurtatzeko zorian. Horretarako garrantzitsua izango du gutxienez partida bat irabaztea. Lehen norgehiagoka gaur jokatuko du, Cadi la Seuren aurka. Kataluniako taldea Hozono Jairis mendean hartu berritan iritsi da Donostiara. Mair pibot estatubatuarra eta Julia Soler katalana dira saskiratzaile nagusiak.

Duran Maquinaria Ensinoren aurkako azken partidan garaipenaren bidera itzuli zen Donostiako taldea, eta, erronka garrantzitsu honetarako, jokalari guztiak izango ditu aritzeko moduan. Irabazita, ia ziurtatuta izango lukete Kopan sartzea, eta horrela, azken urteetako lehen itzulirik onena osatuko luke Azu Muguruzaren taldeak.

Partida guztietan lehia bizienekoa Lointek Gernikak izango du, Spar Uni Gironaren aurka. Gernikarrek eta katalanek sailkapeneko laugarren postua lortzeko duelu zuzena jokatuko dute, eta, beraz, Kopan multzoburu izateko aukera ere izango dute jokoan. 

Gernikak oin eta erdi dauka Kopan, baina, orain, multzoburu izateko aukera ere badu, eta horretarako funtsezkoa izango da gaur irabaztea. Gernikarrak balentria bat egin berri dute, Eurokopako hurrengo faserako sailkatzea lortu baitute.Kangoeroes Mechelenek joaneko neurketan ateratako bost punturen aldea irauli zuten Lucas Fernandezen jokalariek, eta lehen kanporaketa igaro.

Gironak ere kanporaketa gainditu zuen Eurokopa txapelketan. Laura Antoja entrenatzailea kargutik kendu ondoren egin zuten, eta oraindik ez da iritsi haren ordezkoa aulkira. Gaur-gaurkoz, orain arte laguntzaile izandako bat ari da lan horretan, Jordi Sartagal. Orain ikusi beharko da Endesa Ligan ere funtzionatzen ote duen Sartagalek aulkian. Gernikaren pare dabiltza, hau da, zortzi partida irabazi dituzte, eta lau galdu. 

Betikoa da. Uni Girona, Perfumerias Avenida, Valentzia Basket eta antzeko taldeei irabazteko, beharrezkoa da norberak egun ona izateaz gain haiek ez asmatzea. Hori bai, Lointek Gernikak badaki zer den denboraldi honetan Salamancakoei eta Valentziakoei irabaztea, nahiz eta Malosten egin duten. Erronka handia izango da Girona bere etxean mendean hartzea, baina badute sinesteko arrazoirik Fernandezen jokalariek.

Erronka zaila du Araskik    

Denboraldia gaizki hasi ondoren, Kutxabank Araskik ilusioa piztu du berriro marea berdean. Mendizorrotzako taldekoak baikorrak dira denboraldiari begira, Koparako eta Ligarako kanporaketetan sartzea espero baitute. Baina lehen bost partidak galtzeak min handia egin zien, eta orain, Koparako sailkapena hiru partidatan jokatuko dute.

Lehena gaur, Movistar Estudiantes talde gogorraren aurka. Sailkapenean zazpigarren postuan dago Madrilgo taldea, Araski baino bi partida gehiago irabazita. Ez da aurkari erraza; izan ere, jokalari handiak dituzte, eta bikain egiten dute zonakako defentsa.

Aukera gutxi ditu Arabako taldeak Koparako sailkatzeko, eta gutxienez bi partida irabazi beharko ditu jokatzeko geratzen zaizkion hiruretatik. Etxeko biak izango dira bereziki garrantzitsuak: gaurkoa Estudiantesen aurka, eta urtarrilaren 3koa Cadi La Seuren aurka. Tartean partida zaila izango du Perfumerias Avenidaren aurka, Salamancan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.