Montse Puche

Arantza txiki bat zeukan

Hilabete luze joan da Bera Berak iragarri zuenetik Montse Puchek ordezkatuko zuela Aitor Etxaburu entrenatzaile karguan. Larunbat honetan eseriko da lehen aldiz Donostiako taldearen aulkian ligako lehia batean, Elxen. «Irrikan» dago.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
Donostia
2015eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Urtebete jokatu zuen Montse Puchek Bera Beran, 2007-08ko sasoian. Izar baten moduan iritsi zen. Aurkezpen bikaina zuen: hamar aldiz ligako txapeldun, zortzi aldiz kopakoa, behin Europako Kopakoa, munduko jokalari onenen artean bigarren izana... Donostian, ordea, ez zuen dirdira egin. «Ez nuen eman nigandik espero zena», esan dio BERRIAri. Horregatik aitortu du Donostiara itzultzea badela barruan sartuta zeukan «arantza txiki» hori ateratzeko modua. «Klub honi jokalari gisa eman ezin izan niona entrenatzaile gisa eman nahi diot. Zorretan nagoela uste dut».

Hain zuzen ere, Donostian jokatu zuen sasoi hura izan zen bere kirol ibilbideko azkena. 2008ko uda hartan hartu zuen erretiroa, 38 urte bete berritan, eta hogei urte baino gehiagoko ibilbidea egin ondoren. Erretiroa hartzearen ideia aspaldi bueltaka izanagatik, gogorra egin zitzaion aldaketa bereganatzea. «Hasieran oso gaizki pasatu nuen. Bizitza ia osoa neraman eskubaloiari lotuta». COE Espainiako Olinpiar Batzordearen dei batek atera zuen ezinegon horretatik. Olinpiar Jokoetan aritutako hainbat kirolari elkartu nahi zituzten, gazteei euren esperientziaren berri eman ziezaieten. Puchek bazuen zer kontatu, bi Olinpiar Jokotan lehiatu baita: 1992an, Bartzelonan, eta 2004an, Atenasen. Eta horretan ibili da azken bost urteetatik hona, «gozatzen». Ostiral honetan amaituko zaio lan hitzarmena COErekin. Egun bat geroago zuzenduko du lehen aldiz Bera Bera ligan, Elxen (Herrialde Katalanak).

Bera Bera eta Pucheren artekoa Castellon hasi zen (Herrialde Katalanak), duela hilabete pasatxo. Han jokatu zen aurten Espainiako Kopako azken fasea, eta hara joan zen Puche. «Nire bizilekutik 40 kilometrora egonda, eta eskubaloizale amorratua izanik, arraroa litzateke hara ez joan izana». Han hitz egin zuen Tati Garmendiarekin, Bera Berako kirol zuzendariarekin. «Tati eta biok lagun minak gara». Eta konfiantzazko giro horretan ikusi zuenaz iritzia eskatu zion Garmendiak. «Eta nik eman egin nion, eta konturatu ginen bat gentozela. Nik animatu egin nuen ikusten zuenarekin ados ez bazegoen, jar zedin entrenatzaile. Ezetz esan zidan, ezin zuela, baina deituko zidala». Hiru egunera jaso zuen Garmendiaren deia, postua eskaintzen. «Zer esan nion? Ea benetan ari zen. Baietz esan zidan, eta onartu egin nuen».

Zalantzarik ez zuen izan. «Batere ez. Aspaldiko ametsa nuen entrenatzaile izatea, eta inoiz ez nuen galdu amets hori betetzeko itxaropena». Gai ikusten du bere burua; «bestela ez nintzateke hemen egongo», dio. Sinetsita dago bere aginduetara izango dituen jokalariei «mesedegarri» izango zaiela berak jokalari gisa bizi izandakoen berri izatea. Emakumea izateak lagunduko duela uste du. «Emakumezko talde baten egunerokoa bizi izan dut. Badakit nola diren bidaiak, nola diren harremanak...».

Nolako entrenatzailea izango den galdetuta, berehala erantzun du: «zorrotza». Halako entrenatzaile bat baino gehiago izan du bere kirol ibilbidean; bat nabarmentzekotan, Cristina Mayo espainiarra, hamaika titulu irabazitako entrenatzailea. Puchek, ordea, azkar zehaztu du ez zaizkiola gustatzen konparazioak. Ez du, ordea, aukera pasatzen utzi Mayorekiko ezberdintasun bat nabarmentzeko. «Zorrotza izango naiz, baina inoiz ez naiz nire onetik aterako. Hori oso argi dut».

Horrela, «zorroztasunez baina beti errespetuz» jokatzeko asmoa du. Esku artean izango duen «jokalari multzo bikainak» hori merezi duela dio. «Uste nuen taldea apur bat jota egongo zela, eta motibazio lana egin beharko nuela, baina lehen unetik ikusi dut alaitasuna jokalarien aurpegietan, eta horrek alaitu egin nau. Gainera, oso ondo hartu naute. Falta zaizkigun zazpi finalei aurre egiteko modu ona da hori». Nahikoa hirugarrenez jarraian liga irabazteko? «Ni baikor nago. Gauza batzuk hobetu behar ditugu, batez ere erasoan, baina baikor egoteko motiboak daude. Ligako talde onena dugu, gainera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.