Euskal Herriko Itzulia

Aranburuk irabazi egin du Beasainen

Ezkiotarrak besoak altxatu ditu Itzuliko hirugarren etapan, baina epaileek deskalifikatu egin dute hasieran, azken kilometroan biribilgune bat behar ez zen tokitik hartu duela erabakita. Gero, ordea, iritzia aldatu dute, eta garaipena itzuli diote.

Alex Aranburu. ANDONI CANELLADA / FOKU
Alex Aranburu, garaipena ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
enaut agirrebengoa
2025eko apirilaren 9a
18:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Nahaspilatsua izan da Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etaparen amaiera. Alex Aranburu (Cofidis) lehen postuan iritsi da Beasaingo helmugara (Gipuzkoa), besoak goian, Lazkaomendin behera joan ostean. Joao Almeidaren (UAE) atzetik atera da, eta hura baino trebeagoa izan da amaierako biribilguneetan. Lasterketa liburuak zioen eskuinetik hartu behar zuela azken biribilgunea, baina errepidean zegoen kartelak, ordea, ezkerrekoa jotzen zuen bide zuzentzat. Eskuinetik sartu da ezkiotarra, eta apur bat handitu du zeukan aldea. Epaileek ez dute gupidarik izan: suspensezko minutu batzuen ondoren, garaipenik gabe utzi dute. Erabakiak sutan jarri ditu Cofidis taldeko kideak. «Erabakiak ez du ez hanka, ez buru. Alexek lasterketaren liburuak dioena bete du», esan du haserre bizian Bingen Fernandez taldeko kirol zuzendariak.

Baina, handik ordu eta erdira, epaileek iritzia aldatu dute, eta berriro eman diote garaipena Aranbururi. Azaldu dutenez, euskal txirrindulariak egoki hartu du azken biribilgunea, hau da, eskuinetik. Antolatzaileek onartu egin dute gaizki adierazia zegoela nondik hartu behar zen azken bihurgunea. Bigarren garaipena du Aranburuk Euskal Herriko Itzulian. 2021ean, bigarren etapa irabazi zuen, Sestaon (Bizkaia). Denboraldi honetako lehen garaipena ere bada.

Argazkia: EITB
Argazkia: EITB

Ginkana itxurako etapa izan da. Ziklistek ziztu bizian osatu dute Zarautz eta Beasain arteko ibilbide menditsua. Galbahea txirrindulari gutxik igaro dute. Pello Bilbao (Bahrain) eta Ion Izagirre (Cofidis) helmugatik urrun geratu dira atzean. Aranburuk, ordea, onenekin iraun du, eta onena izan da. Hala ere, ezer gutxi gozatu du garaipenarekin, ez baita podiumera igo. Romain Gregoire (Groupama) frantziarra igo da, hari eman baitiote garaipena hasieran. 

Amaitu eta gero ere, ikusminari eutsi dio etapak. Aurrez, erasoz eta gidoi aldaketaz josita egon da. Txirrindulariek egun lasaia izan zuten atzo Nafarroan barrena, eta oso gogotsu azaldu dira Zarauzko irteeran. Ihesaldia sortzea oso nekeza izan da, eta Bruno Armirailen (Decathlon) bakarkako saiakerak ez du luze iraun. UAE taldeak hankaz gora jarri nahi zuen lasterketa, eta xake taulan piezak behin eta berriz mugitu ditu azken 80 kilometroetan. Schachmannek arriskuan ikusi du lidergoa, lanak izan baititu tropelean segitzeko. Bilbao, ordea, ezinean geratu da Santa Agedan gora, eta Izagirreren ezina Mandubiara bidean bistaratu da. Azken egunetan izandako erorikoen ondorioak pairatu dituzte.

Mandubia igaro ondotik, aurrera egiten saiatu dira zenbait faborito. Tartean ziren Almeida eta Mattias Skjelmose (Lidl); ez, ordea, Florian Lipowitz (Red Bull). Berotua hartu behar izan du zuloa ixteko. UAEk setati jarraitu du, eta Marc Soler bidali du aurrera. Kataluniarraren ahalegina ere antzua izan da azkenean. Gaintzan Clement Berthet (Decathlon) nabarmendu da, eta Lazkaomendiraino iraun du lasterketa buruan. Tropelean, berriz, goitik behera aldatu da egoera azken igoerara bidean: Schachmannen erasoak jokoz kanpo harrapatu du Almeida; Lipowitzen Red Bull, ordea, bikain antolatu da. Aleksandr Vlasovek lan ederra egin du taldeburuaren mesedetan.

Lipowitzek hartu du ekimena Lazkaomendiko igoeran. Almeidak atzetik aurrera egin du, eta Aranburu lehen postuetan agertu da. Ondo erantzun dio Almeidak jaitsieran egindako erasoari, eta ez hori bakarrik: portugaldarra atzean utzi du azken kilometroan sartu aurretik. Erakustaldi biribila egin du ezkiotarrak. Hiru segundora iritsi dira faboritoak. Schachmannek lidergoari eusten dio.

Izua, izutzeko modukoa

Beasain biharko etaparen irteera ere izango da, eta Markina-Xemeinen egongo da helmuga. Ia 170 kilometro egingo dituzte txirrindulariek, eta, gaur bezala, zazpi mendateri egin beharko diete aurre. Denak hirugarren mailakoak dira, Izua izan ezik (3,5 kilometro eta %10,6ko pendiza). Aurtengo Itzulian Arratera egingo dituzten hiru igoeretan lehena izango da, eta oraingoan Matsariako poligonotik abiatuko dira. Tontorretik helmugara 11 kilometro besterik ez da geldituko; hots, litekeena da eraso festa izatea hautagaien artean.

Itzulia. 4.etapa

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.