Apustuak Urrizaren alde irtengo dira Kutxa torneoko finalean: 100-70i

Iazko txapeldunak bote erdiko pilotak aukeratu ditu biharko; San Miguelek, aldiz, biziak, sakea baliatzeko

Imanol Magro Eizmendi.
Hernani
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Javier Urrizak eta Julen San Miguelek buruz buruko Kutxa erremonte torneoko finala jokatuko dute bihar, eta partida orekatua dirudien arren, apustuzaleak ez dira iritzi bereko. 100-70i, edo alde handiagoz, irtengo da dirua Urrizaren alde. «Apustu askorik ere ez da egiten, eta baten aldeko joera dagoenean berehala sortzen da momioa», azaldu zuen atzo Kike Elizalde Oriamendiko intendenteak. «Urrizaren aldeko dirua ez da faltako», gehitu zuen, iazko txapeldunak apustu zaleen artean sortzen duen ziurtasuna nabarmenduz.

Elizaldek finalerako pilota aukeraketan egin zituen adierazpenak, eta protokoloa arazo handirik gabe garatu zen. Bi finalistak gustura gelditu ziren, eta biek azaldu zuten mota ezberdinetako pilotak zeudela saskian. Urrizak 129 gramoko bat eta 127ko bi aukeratu zituen. Berak deskribatu zituenez, behetik dabiltzanak, piloteoan murgildu eta aurrean jokatuz tantoan egiteko. San Miguelek, atzelaria izaki, bizi eta arinagoak hartu zituen: 126 gramoko hiru. Onartu zuenez sakearekin ahalik eta min gehien egiteko asmoz hautatu zituen.

Bientzat buruz buruko bigarren finala da, eta biek bat egin zuten oraingoan aurrekoan baino patxada gehiagoz ariko direla nabarmentzean. Urriza iaz txapeldun izan zen. «Nik dagoeneko lortu dut nire ametsa, buruz burukoa irabaztea, eta horrek lasaiago jokatzen lagunduko didala uste dut». San Miguel, aldiz, txapeldunorde izan zen 2010ean —Ezkurraren aurka galdu zuen 30-24—. «Urte hauetan zaildu egin naizela uste dut. kantxan egoten ikasi dut eta mentalki orduan baino gogorragoa naizela uste dut. Ea horrek beste emaitza bat lortzen laguntzen didan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.