Apustuak markatu du norabidea

Kopako finalarekin amaitu da Natalia Arroyoren aroa Realean. Ondare handia utzi du. Orain, bulegoetan hartuko diren erabakiek finkatuko dute proiektuaren norabidea. Lehen erabaki garrantzitsua teknikari berriaren aukeraketa izango da.

(ID_13894667) ESPAÑA FÚTBOL COPA DE LA REINA
Realeko jokalariak, malko artean, zaleak agurtzen, larunbateko finalaren ostean. JAVIER BELVER / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko maiatzaren 21a
05:00
Entzun

Granadan irabazitako Espainiako Koparekin amaitu zen, duela bost urte, Gonzalo Arkonadak Realaren emakumezkoen taldea zuzendu zueneko aroa. Ligako bi partida geratu arren, esan daiteke larunbatean Zaragozan jokatutakoarekin amaitu dela Natalia Arroyorena. Bartzelonaren aurka 8-0 galdu eta gero, Garbiñe Etxeberriak, talde txuri-urdineko kirol zuzendariak, onartu zuen «kolpe gogorra» izan zela, eta erakusten zuela «lan asko» egin beharra dutela Bartzelonarekin dagoen aldea txikitzeko. Bide horretan, erabaki garrantzitsuak hartu beharko dituzte bulegoetan, eta horrek argituko du proiektuaren norabidea.

Finalaren ondarea

Egun batzuk igarota, finalak utzitako gauza onei erreparatu beharko die Realak. 8-0ekoak berretsi zuen Bartzelonak alde handia ateratzen diola. Ez bakarrik Realari, baita ligako beste taldeei ere. Hala, arlo fisikoan eta teknikoan lan egiten jarraitu beharko du, aldea txikitzeko. Baina finalak gauza on asko utzi ditu. Azken bost urtean jokatu duen laugarren finala izan da, eta hori bada zerbait. Balioa eman behar zaio, halakoekin segitzen baitu hazten klubak. Bestalde, 5.000 zale baino gehiagok bidaiatu zuten Zaragozara, inoiz baino gehiagok. Emaitzak emaitza, hasi eta buka aritu ziren animatzen. Horrek berresten du badagoela emakumeen futbolarekiko interesa, eta Realak haren aldeko apustua indartzen jarraitu behar duela. 

Teknikari berria

Lau urteren ostean, Natalia Arroyok taldea utziko du ekainaren 30ean. Egungo futbolean ez da ohikoa teknikari batek hainbeste denbora egitea. Egin duen lan onaren seinale da. Taldea hiru finaletara eraman du, eta Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu, denboraldi gogoangarri batean. Jokatzeko era erakargarri bat izan du, baloia oinarri hartuta. Jokalariek berek onartu izan dute taldearen jokoari «nortasun propioa» eman diola, eta «oso identifikatuta» sentitu direla jokatzeko modu horrekin. Kontuan hartzeko ondare bat utzi du.

Realak datozen asteetan argituko du haren ordezkoa nor den. Horrek markatuko du proiektuaren norabidea. Jose Luis Sanchez Vera da gehien entzun den izena. Teknikariak Levante utziko du, eta Roberto Olabe futbol zuzendariak gustuko omen du. Herrialde Katalanetako taldera iritsi aurretik, Atletico Madril entrenatu zuen. Espainiako Ligako goiko postuetan egon ohi diren taldeak dira biak, eta hori du helburu Realak. Baina, harrobiaren aldeko apustua indartu nahi izanez gero, baliteke bestelako teknikari baten alde egitea. Oreka bilatu beharko du kirol zuzendaritzak.

Taldearen egituraketa

Hainbat jokalari garrantzitsuri amaitzen zaie kontratua ekainaren 30ean: Nerea Eizagirreri, Alejandra Bernaberi, Emma Ramirezi, Sanni Franssiri eta Synne Jenseni, besteak beste. Lehena taldeko kapitaina da, eta egungo taldearen ikurra, Amaiur Sarriegirekin batera. Aurreko denboraldietan ozenagoak ziren taldea utziko zuen zurrumurruak, eta segitu egingo duela dirudi. Atzealdeko hegaletan ere baliteke hutsune handia sortzea, Ramirez eta Bernabe joanez gero. Bernabe utzita dago, eta Chelseara itzuliko da. Ramirezek, berriz, adierazi izan du segitu egin nahi duela, eta, duela hiru denboraldiko maila izatea lortuko balu, jokalari oso garrantzitsua izango litzateke.

Franssiren eta Jensenen golak, berriz, erabakigarriak izan dira denboraldi honetan. Sasoi bikaina egin dute, eta haien ezaugarriak oso aproposak dira, adibidez, Ingalaterrako ligan jokatzeko. Ezusterik ezean, eskaintzak izango dituzte, eta ikusi beharko da Reala haiei eusteko moduan dagoen. Hori lortzea edo gutxienez bietako bat geratzea bultzada handia litzateke. Horren arabera, gehiago edo gutxiago mugitu beharko du merkatuan.  

Mugimenduak talde egituraren araberakoak izango dira. Azken denboraldietan multzo txikien alde egin du klubak. Txapeldunen Ligarako sailkatu zen urtean bikain funtzionatu zuen horrek. Baina besteetan, jokalariren batek min hartuz gero hankamotz geratzen dela ikusi da. Motz edo luze, betiko moduan, asmatzea izango da gakoa. Azken denboraldian etorritakoen artean, Alejandra Bernabe eta Ramirez funtsezko jokalariak izan dira. Lorena Navarro, berriz, ez da finkoa izan hamaikakoan. Gainera, ez du bere ohiko tokian jokatu: aurrean beharrean, zelai erdian aritu da batez ere. Jacqueline Owusuk, berriz apenas jokatu duen. Ikusi beharko da zenbat diru gastatzen den ere. Hori ere apustuaren eta norabidearen isla izango da.

Fitxaketen arabera, etxeko jokalarien aldeko apustua handiagoa edo txikiagoa izango da, eta horrek ere markatuko du norabidea. Denboraldi honetan, Nahia Aparicio lehen taldean finkatu da. Haren jokoak eta nortasunak guztiak konbentzitu ditu, eta onenetakoa izan da. Lehen taldearekin entrenatzen ari direnen artean, Elene Viles, Haizea Uranga eta Elene Guridi dira indartsuen ate joka ari direnak.

Eraikin berria

Emakumeen taldearen egitura indartze aldera proiektu garrantzitsua du martxan Realak: Izan eraikina. 2025etik aurrera egongo da martxan. Horrek autonomia eta baliabide handiagoa emango dio. Z7 zelaia ere eraberritu egingo dute, eta 4.000 zalerentzako tokia izango du. Egun 1.350 toki ditu. Zelai hori, hala ere, ez du bakarrik emakumezkoen taldeak erabiliko: gizonezkoen bigarrenak ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.