Eskuak sufritzen ari dira Binakako Txapelketan. Lehen ligaxkako 11 partida jokatuta, atzelariei bereziki kostatzen ari zaie eskuak zaintzea. Aretxabaleta, Barriola, Zubieta... Sufritzen ari dira atzelari gehienak, eta 12. jardunaldian ere bi atzelari faltako dira atzeko koadroetan. Aretxabaleta eta Beroiz. Eskuko minez daude biak. Bilbon ziren jokatzekoak biak, Olaizola II.a eta Urrutikoetxearekin bikotea osatuz. Baina Apraiz ariko da Olaizola II.arekin, eta Begino Urrutikoetxearekin. Azken horientzat oso garrantzitsua da jardunaldia, bost garaipenekin Titin III.a-Merino II.arekin berdinduta daudelako laugarren postuan. Olaizola II.a eta Aretxabaleta sailkatuta daude jada finalerdietako ligaxkarako.
Bihar jokatuko da partida hori —baita Berasaluze II.a-Albisu, Ezkurdia-Zabaleta ere—, baina gaur bertan hasiko da 12. jardunaldia, Angelun. Xalak eta Zubietak finalerdietarako sailkatzea esku-eskura izango dute Bengoetxea VI.a eta Ibai Zabala mendean hartuz gero. Bi jardunaldi gehiago falta dira lehen ligaxka amaitzeko, eta bosgarren postua bi garaipenera uzteko aukera ona daukate gaur. Hori bai, aurkarientzat ezinbestekoa da garaipena. Asteartean huts egin zuten Tolosan, Urrutikoetxea eta Beroizen aurka (21-22), eta falta diren hiru partidak irabazita ere, kalean geratzeko arriskua daukate.
Apraizek eta Beginok ordezkatuko dituzte Aretxabaleta eta Beroiz
Bihar Bilbon jokatzekoa den lehiarako eskuko minez daude bi atzelari titularrak; gaur hasiko da jardunaldia, Angelun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu