Azken urtebetean erremontean bila zebilen urratsa egin du Imanol Ansak. Buruz buruko hiru txapelak hark jantzi ditu, eta hori bada zerbaiten seinale. Gaur bigarrenez irabazi du Masters Txapelketa, Xabier Azpirozen aurka: 30-19. Bi zati oso desberdin izan ditu finalak. Lehenengoan, Azpiroz hobeto aritu da. Bigarrenean, berriz, txapeldunak bere legea ezarri du.
Partida parekatua espero zen, eta lehen zatian, behintzat, hala izan da. Zazpi berdinketa egon dira hamabosgarren tantora bitarte. Ansa II.ak egin du partidako lehen sakea. Baina lehen hiru tantoak Azpirozenak izan dira. Ziurtasunez aritu da Huitziko erremontista. Beharrezkoa bazen, pilotakada bat gehiago jo du, eta tanto luzeagoak jokatu ditu. Ansa II.ari, berriz, kostatu egin zaio jokoaren ekimena hartzea. Ez du lortu Azpiroz menderatzea eta mugitzea. Ezin zion pilotari nahi besteko altuera eman, eta gurutzatzen ere ez da fin aritu.
Zailtasun horiek ikusita, sakeari etekina ateratzen saiatu da. Aurrelaria izan arren, jokaldi hori bikain egiten du Urnietakoak, eta, gaur, beste behin erakutsi du. Zortzi tanto lortu ditu sakez, eta sakez egindako tanto bati esker jarri da aurretik lehen aldiz: 5-4. Hortik aurrera, ez erremontista batek eta ez besteak ez du partida haustea lortu. Tantoak trukatu dituzte. Hortik berdinketak.
Duela bi aste bezala
Dena den, Azpiroz erosoago ari zen, gusturago. Eta 11-10 atzetik egon bada ere, 15-12 iritsi da aurretik lehen etenera. Errenta polita zen. Emaitza hori duela bi asteko ligaxkan jokatu zuten partidako bera zen. Orduan, Ansa II.ak buelta eman zion partidari, eta gaur ere bai.
Etenaren ostean lehen tantoa Azpirozek egin badu ere (16-12), ondorengo sakea luze joan zaio. Gainera, segidan epaileak ez du Ansa II.aren falta adierazi jokaldi argi batean. Horrek partidatik atera du apur bat Azpiroz, eta Ansa II.ak ez du barkatu: 5-1eko partzial batekin, 17-16 jarri da aurretik. Horrek konfiantza eta lasaitasuna eman dio, eta bere jokoa egiten hasi da. Ederra izan da haren hemezortzigarren tantoa; bi paretaz egin du.
Piloteoaz gozatzen hasi da, eta aurkaria gehiago mugitzen. Hala, tantoz tanto aldea handituz joan da. Azpiroz saiatu da eusten, baina ez du lortu lehen zatian bezala bere jokatzeko era ezartzea. Nekatuago eta beteago sumatu zaio. Bigarren atsedenaldirako, ondo bideratua zuen txapela Ansa II.ak: 24-18. Lana biribiltzea falta zitzaion, eta hala egin du. Txapela harena izan da bigarrenez.
Gustura zegoen norgehiagoka amaituta. «Ziurrenik iazko finalean baino gehiago gozatu dut oraingo honetan. Partidaren lehen zatian ez dut Xabi mugitzen asmatu. Baina fisikoki eta mentalki ondo eutsi diot, sufritzen jakin dut, eta gauzak aldatzea lortu dut». Triste zegoen Azpiroz: «Balioa ematen diot finalera iristeari, eta lanean jarraitzeko indarra ematen dit. Baina pena izan da partidaren bigarren zatian asmatu ez izana».