BAIONA 20-30 PAUE

Anoetan galdu du lehenengoa

Baionak denboraldiko lehen partida galdu du etxean, Paueren kontra. Txuri-urdinen hamabostekoan lau euskal jokalari aritu dira. 38.646 zalek bete dituzte harmailak

Baionako eta Paueko jokalariak, nor baino nor gehiago, atzo, Anoetan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Etxean menderaezina zirudien Baionak; baita Donostian ere. Atzo arte. Jean Dauger estadioan denboraldiko partida guztiak irabazita ailegatu ziren txuri-urdinak Anoetako neurketara, baina Donostian kale egin zuten atzo Paueren aurka, Top14 ligako azken-aurreko sailkatuaren kontra.

Ikusi gehiago:Donostia are txuri-urdinago

Gregory Pataten taldeak garesti ordaindu zituen lehen zatian baloia mugitzean egindako akatsak, eta bigarren zatian metro eskasengatik entsegu bihurtu ez zituzten jokaldiak. Festa harmailetan izan zen; ez, ordea, zelaian. 38.646 zalek bete zituzten Anoetako eserlekuak.

Aurreneko berrogei minutuetan nabarmen hobea izan zen Paue. Lau euskal jokalari aritu ziren Baionaren hasierako hamabostekoan: Camille Lopez, Guillaume Rouet, Yohan Orabe eta Baptiste Heguy. Baionari kosta egin zitzaion metroak irabaztea, eta baloiarekin eskuetan akats gehiegi kateatu zituen. Hala, Emilien Gailletonek sartutako entseguari esker, eta Zack Henry ingelesaren ostikoak baliatuz, Frantziako taldeak alde polita lortu zuen markagailuan 26. minuturako: 3-13.

Lehen zatia amaitu aurretik, baina, Pataten taldea suspertu egin zen apur bat, eta alboko sake bat ongi jokatuta, Facundo Boschek entsegua sartu zuen baionarrentzat. Horrenbestez, atsedenaldira 10 eta 16 atzetik joan ziren txuri-urdinak.

Bigarren zati hasieran, bizi

Aldagelatik beste bizitasun batekin itzuli zen Baiona, eta, horri esker, berehala lortu zuen markagailuan aurretik jartzea: taldeko jokaldi luze batean, Camille Lopezek ongi zabaldutako baloia entsegu bihurtu zuen Thomas Ceytek: 17-16. Hala ere, ez zen erabateko erreakzioa izan lapurtarrena. Izan ere, Pauek berriro aurre hartu zuen handik gutxira markagailuan.

Partida irabazteko hiru entsegu egiteko aukera onak izan zituen Baionak, baina hiruretan entsegu marratik oso gertu geratu ziren. Barkatu egin zuten txuri-urdinek; ez, ordea, kanpoko taldeak. Clement Laportek eta Guram Papidzek entsegu bana lortu zuten bigarren zatian, eta Henryk ez zuen entsegu emendioan hutsik egin. Azken emaitza, 20-30.

Bestalde, gizonezkoen Sei Nazioen Torneoak behartutako etenaldiaren ostean, gaur itzuliko da Espainiako Ohorezko Maila. Gernikak Cisnerosen zelaian jokatuko du (12:00), eta Ordizia, Belenosenean (12:30). Bi euskal taldeak Ohorezko Mailako B multzoan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.