Baiona errugbi taldeak 1941az geroztik jokatzen du Jean Dauger estadioan, nahiz eta garai hartan Saint Leon izena zuen. Ordutik hona, zuri-urdinek bertan jokatu dituzte etxeko partidak, salbuespen batzuk kenduta. Izan ere, azken hamarkadatan, Baionak lau aldiz jokatu du etxeko talde gisa Donostiako Anoeta estadioan. Lau aldiz jokatu du, eta lau bider izan da garaile. Beraz, Anoetan etxean bezala sentitu da.
2009an jokatu zuten zuri-urdinek lehen aldiz Donostian, eta Stade Français izan zuten arerio. Ondoren, Okzitaniako Tolosa, Toulon eta berriro ere Stade Français izan ziren aurkariak. Dena den, Baionak badaki zer den Anoetan kanpoko talde gisa jokatzea. Izan ere, Miarritzeren aurka bi euskal derbi jokatu ditu Donostian: 2012an jokatutakoa lagunartekoa izan zen, eta, 2011n, Miarritzek 40-10 irabazi zuen Top14 ligan.
«Stade Françaisen aurkako garaipena oso oroitzapen polita da. Autobusetik jaitsi ginen unea gogoratzen dut: zenbat jende zegoen guri begira. Lehenengo aldia zen niretzat 30.000 pertsonaren aurrean jokatzen», gogoratu du Beñat Arrayetek (Urdiñarbe, Zuberoa, 1980). Zuberotarrak denboraldi bakarra egin zuen Baionan, 2009-2010eko sasoia. Pepito Elhorga eta Arrayet izan ziren neurketa hartako jokalari erabakigarrienak. «Oroitzen naiz hamasei puntu ezarri nituela, eta ostiko bikainak egin nituela 22 metroetatik. Egun ederra izan zen». 2009ko abuztuan jokatu zen neurketa.
2011ko martxoan jokatu zuen Baionak hurrena Anoetan. Partidarako espresuki egindako Realaren elastikoa gogoratzen zuen elastikoa erabili zuen Lapurdiko taldeak, eta, beste behin, sarrera guztiak agortu ziren. Antoine Griezmann futbolariak eta Waltary Agusti pilotariak egin zuten ohorezko sakea. Atsedenaldian 16-3 aurretik zen etxeko taldea, baina sufritu egin behar izan zuen neurketa irabazteko: 19-13.
Toulonen aurkakoa 2013an jokatu zen. Toulon ligako liderra zen, eta Baionak mailari eustea ziurtatuta zuen partida jokatu zenerako. Joan-etorriko neurketa polita ikusi zuten estadiora joan ziren 27.000 zaleek. Azkenerako, 33-28 gailendu zen Baiona. Azkenik, 2014an, Stade Francaisen aurka garaipena [24-19] erdietsi zuten zuri-urdinek. Martin Bustos Moyano izan zen neurketako protagonista handia, Baionaren puntu guztiak berak eskuratu zituelako, zortzi zigor kolpe baliatuta.
Guillaume Rouetek (Baiona, 1988) Baionako elastikorekin azken partida horiek jokatzeko aukera izan zuen. Gaur, Paueren aurka, laugarren aldiz jokatuko du Anoetan. «Lehenengo aldia izango da zelaia berritu dutenetik. Partida berezia izango da, noski. Lehen aldiz jokatuko dugu 40.000 zaleren aurrean, eta giro aparta egongo da. Zelaian sortzen den giroak ziur aukera emango digula neurketa on bat jokatu eta partida irabazteko». Rouet zelaian izango da gaur, eta Arrayet harmailetan: Mauleko klubean ari da laguntzen, eta Baionak 50 sarrera bidali dizkie klubeko gaztetxoei.
Baionako jokalaria 2012an ailegatu zen lehen taldera, eta azken urteetan jokalari garrantzitsua izan da. «Oso gustura sentitzen naiz, eta oso pozik nago egiten ari naizen denboraldiarekin. Partida bakoitza ahalik eta gehien disfrutatzen ahalegintzen ari naiz, nire kirol ibilbidearen amaiera gerturatzen ari baita».
Denboraldi aparta
Bere lanarekin gustura dago Rouet, eta zer esanik ez Baiona egiten ari den denboraldiarekin. Talde igo berria izan arren, sailkapeneko seigarren postuan baitago, ligako titulua lehiatzeko aukera ematen duten postuetan. Arrakastaren arrazoi nagusia Jean Daugerren jokatutako partidak izan dira: etxeko neurketa guztiak irabazi ditu Baionak. Halere, baionarra zuhurtziaz mintzo da: «Gure helburu nagusia mailari eustea da, eta oraindik ez dugu matematikoki lortu. Hori lortzen dugunean, ahalik eta denboraldi amaiera onena egiten ahaleginduko gara».
Gaurkoaren ostean, sasoia amaitu aurretik Anoetara itzultzeko aukera izan dezake Baionak, Donostian jokatuko baitira Top14 ligako finalerdiak. «Euskal Herriko errugbiarentzat oso aukera ona da finalerdi horiek Donostian izatea. Baionar bezala, ikaragarria litzateke finalerdiak bertan jokatzea. Harrotasun handia litzateke erretiratu aurretik nire betiko taldearekin azken fase bat jokatzea. Hala ere, bidaia oraindik luzea da, eta oraingoz ez gara horretan pentsatzen ari». Anoetan Jean Daugerren bezala jokatzen badu, garaipena ziurtatuta dago. Helburu mailari eustean zen lehen, baina denboraldia amaitu aurretik Anoetara itzultzea da gaur egun.
Anoetan, etxean bezala
Baionak Paueren aurkako Top14 ligako partida jokatuko du gaur Anoetan (17:00). Gaurkoarekin, baionarrek bosgarrenez jokatuko dute Donostian etxeko talde gisa: aurreko lau neurketak irabazi ditu. Sarrera guztiak agortuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu