Denboraldi hasieran Anoetan izan zituen emaitza txarren ondoren, ari da Reala pixkanaka zale txuri-urdinak gozatzen etxean. 2024. urtean ez da nahi bezain emaitza onak lortzen ari bere futbol zelaian, eta 2024-2025eko denboraldia ere etxeko lehen hiru partidak galduz hasi zuen, Rayo Vallecano, Alaves eta Real Madrilen aurka. Horiei Anderlechten eta Osasunaren aurkako porrotak gehitu behar zaizkie. Azken asteetan, baina, Imanol Alguacil entrenatzailearen taldeak garaipenaren bidea aurkitu du Anoetan, eta azken hiru partidak irabazi ditu, Bartzelona, Ajax eta, azkena atzo, Betisen aurka. Atzoko hiru puntuekin, bederatzigarren da orain sailkapenean, 21 puntu bilduta, Betis aurreratu baitu.
Hiru puntuez gain, badirudi ari dela Reala bere jokoarekin asmatzen. San Mameseko derbian eman zuen itxura eskasaren ondoren, ondo aritu da Ajaxen aurka bigarren zatian eta Betisen aurka atzo. Atzo Mikel Oiartzabal nabarmendu zen, eta hala egin zuen Imanolek ere partidaren ostean, azkenaldian kritikatu baitzaio ez duela gola sartzen asmatzen. «Sartutako golez gain, egiten duen lana hor dago. Falta den egunean jabetuko gara zer den Realarentzat». Eibarko aurrelariak ehungarren gola egin zuen atzo elastiko txuri-urdinarekin, eta Pello Uralderen parean jarri zen Realaren historian gol gehien sartu duten jokalarien artean. Atzo golak lehen zatian sartu izana ere azpimarratu zuen entrenatzaileak, eta hortik aurrera defentsan egindako lan handia ere bai.
Partida paretsu hasi zuten bi taldeek. Baloia kontrolatzeko asmoz atera ziren futbol zelaira. Oreka hori, baina, Aihen Muñozek hautsi zuen 14. minutuan, bizkor jokatuz: korrikaldi bat eginez, baloia azkar atera zuen eskuekin, aurkaria ezustean harrapatuz, eta, Barrenetxearekin jokatu ostean, erdiratu eta Diego Llorentek bere atean sartu zuen gola. Galtzen ari zenez, Betisek ahalegin handiagoa egin zuen partida berdintzeko. Eta izan zituen aukerak lehen zatian, ia jarraian bere alde izan zituen lau kornerretan, baina ez zuen asmatu.
Gainera, Espainiako taldea hobekien ari zela, Francisco Jose Hernandez Maeso epaileak Oiarzabali egindako penaltia adierazi zuen, VARak jokaldia berriro ikusteko eskatuta. Realeko kapitainak ez zuen huts egin, eta hirugarren gola sartu zuen Espainiako Ligan; txapelketa horretan gol gehien sartu duen jokalaria da, Takefusa Kuborekin batera. Lehen zatia bukatu aurretik, Betisek gol aukera on bat izan zuen: kontraerasoan iritsi zen Vitor Roque, baina Aguerd ondo iritsi zen jokaldira, eta baloia kendu zion.
Atsedenaldiaren ostean, partida lasaitu egin zen, txuri-urdinen mesederako. Lehiakortasuna falta zitzaion Betisi, eta horren adierazle izan zen 72. minutura arte ez zuela arrisku handirik sortu. Jokaldi horretan, Cedric Bakambuk buruz Remiroren atearen gainera errematatu zuen baloia. Partidak ez zuen askoz ere gehiago eman, eta Realak merezita irabazi zuen 2-0. Aste honetan beste bi partida jokatuko ditu: ostegunean Espainiako Kopan Conquenseren aurka, eta igandean berriro Ligan, Leganesen aurka. Bi partida horiek etxetik kanpo jokatuko ditu.
Reala: Remiro; Aranburu, Zubeldia, Aguerd (Pacheco,46. min.), Aihen; Zubimendi, Turrientes (Marin, 55. min.), Brais Mendez (Olasagasti, 80. min.); Kubo, Oiarzabal (Sadiq, 71. min.) eta Barrenetxea (Sergio Gomez, 55. min.).
Betis: Rui Silva; Sabaly, Bartra, Llorente, Perraud; Altimira (Flores, 83. min.), Guirao (Losada, 55. min.), Lo Celso; Jesus Rodriguez (Juanmi, 83. min.), Vitor Roque (Bakambu, 71) eta Ez Abde (Chimy Avila, 55. min.).
Golak: 1-0, Llorentek (14. min., bere atean). 2-0, Oiarzabalek (31. min., penaltiz).
Epailea: Francisco Jose Hernandez Maeso. Txartel horiak Realeko Oiarzabali, Aguerdi eta Barrenetxeari, eta Betiseko Pellegrini entrenatzaileari, Bartrari, eta Chimy Avilari.
Ikusleak: 28.119.