Futbola Espainiako Kopa

Anoetak izango du azken hitza

Realak hutsean berdindu du Mallorcarekin; Anoetan saiatuko da finalerako sailtzen. Atzean ez du gehiegi sufritu talde txuri-urdinak, eta erasoan aukera argiak huts egin ditu.

(ID_13574816) ESPAÑA FÚTBOL COPA DEL REY
Le Nomand eta Abdon Prats baloiaren lehian. CATI CLADERA / EFE
pettan uralde
2024ko otsailaren 6a
23:26
Entzun

Realak berdinketa baliagarria erdietsi zuen atzo, Mallorcaren aurkako Espainiako Kopako finalerdietako joanekoan. Imanol Alguacilen jokalariek ez zuten partidarik onena jokatu, baina atea hutsean uztea lortu zuten, eta Donostian erabakiko dute kanporaketa zaleen aurrean, otsailaren 27an.

Imanolek, daukan talderik onena zelairatzen duela esaten du beti, eta atzo ez zuen salbuespenik egin. Afrikako eta Asiako kopetatik etorri berri diren Traore eta Kubo jarri zituen hasieratik, eta horrela erabilgarri zituen beste jokalari onenekin hamaikakorik kuttunena osatu zuen. Oiartzabal izan zen deialdian falta zen jokalari nagusia, mina oraindik sendatu ezinik.

Lehen-lehenik, Realak erakutsi zituen hortzak, bigarren minutuan Braisek urruneko jaurtiketa bat eginda. Mallorca piztu zuen jokaldi horrek, eta ondoren pare bat iritsiera izan zituen etxeko taldeak. 10. minutuan, ordea, partida irekitzeko izan zitekeen jokaldia egin zuen Realak. Landutako jokaldi batean, Barrenetxeak penaltia eskatu zuen area barruan. Kontaktu argia, eta penalti zalantzagarria gutxienez, baina epaileak ez zuen adierazi nahi izan.

Grina handiz aritu ziren bi taldeak, eta askatzen joan zen partida. Lehen zati amaieran izan zituzten bi taldeek aukerarik argienak. Lehenik Mallorcak Abdon Pratsen bote lasterreko erremate batekin, eta ondoren Sadiqek burukada argi batekin. Hala ere, ez ziren gai izan zutoinen artean errematatzeko.

Bi taldeek errespetu handia erakutsi zioten elkarri, eta defentsan jarri zuten lehentasuna. Realak gehiagotan izan zuen baloiaren jabetza, baina galdutako bi baloitan bizitza eman zion etxeko taldeari. Alabaina, Mallorca ez da punteria handiko taldea, eta Remirok ez zuen lanik izan.

Bigarren zatiak gidoi bera bete zuen, Mallorcaren mesedetarako. 52. minutuan izan zuen Abdon Pratsek ordura arteko gol aukerarik argiena. Etxeko taldearen beste kontraeraso batean, Pratsek defentsen artetik jaso zuen baloia, eta bote lasterrean kanpora jaurti zuen berriro, zutoinetik gertu.

Gauzak aldatzen ez baziren, gertuago zegoen partida etxekoen mesedeetarako, Realarenetik baino. Ordea, aurkaria etxean duzunean gutxi duzu egiteko. Minutuak aurrera egin ahala, Reala atzerantz ari zen Mallorca eramaten, eta gol aukera argienak izan ditu 70. minututik aurrera.

Ate aurrean huts

Area barneko erreferentzia izan zen Sadiq partida osoan zehar, eta taldekideek gol bat baino gehiago egiteko aukerak zerbitzatu zizkioten nigeriarrari. Baina tamalgarri aritu zen aurrelari afrikarra, eta ate hutsaren aurrean langatik gora botatzera iritsi zen, area txiki barruan zegoela.

Orduantxe izan ziren talde txuri-urdinaren minuturik onenak. Jokoaren kontrolarekin egin zen Donostiako taldea, eta Javier Aguirreren jokalariek beherakada nabarmena izan zuten arlo fisikoan. Barrenetxea izan zen jokalari sarkorrena, eta ez zuen amore eman golaren bila. Haren oinek gertu izan zuten gola, baina Mallorcako atezainak kanpora bidali zuen.

Azkenean hutsean berdindu zuen Realak, eta, partida ikusita zerbait gehiago ateratzeko gai izan bazen ere, emaitza positiboa da itzulerako partidarako. Zaleek behin betiko bultzada eman diezaieke txuri-urdinei, eta, Mallorcaren eraso kaltegabea ikusita, guztia alde dauka Realak finalera igarotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.