Donostiako Udalak etzi onartu egingo du Anoeta estadioa birmoldatzea. Hortaz, atletismo pistak kendu eta harmailak zelaira gerturatu ahal izango dira, eta, hala, 40.000 ikuslerentzako tokia egingo da. Realak lanei ekingo balie, lau urte beharko lituzke amaitzeko, eta 60 milioi eurotik gorako kostua izango luke. Dena den, udalak ez du bere horretan onartuko Realaren proposamena. Aldaketa batzuk egingo dizkio.
Udalak murriztu egingo du estadioan eraikiko diren lau dorreen hedadura, inguruari ahalik eta gutxien eragiteko. Hala, eraikinen lurzorua 15.800 metro koadrotik 12.000ra jaitsiko du. Dorreak 43,5 metro luze izatea proposatu zuen Realak hasiera batean, eta 26,5 metrokoak izatea erabaki du udalak.
Beste bi baldintza ere jarriko ditu. Batetik, birmoldaketa lanek ez dute galaraziko bertan errugbi partidak jokatzea. Baionak eta Miarritzek partida batzuk jokatu dituzte Anoetan, eta hala izaten jarraitzea nahi du udalak. Eta, bestetik, lanen ardura hartuko duen enpresak atletismoko estadio txikia ere birmoldatu beharko du.
Horretaz gain, lanek ahalik eta trabarik txikiena egiteko eskatu du. Horretarako, birmoldaketa egiten den bitartean, gutxienez 27.000 ikuslerentzako tokia egon beharko du Anoetan.
Anoeta birmoldatzea onartuko du udalak
Atletismoko pistak kentzeko baimena emango du, baina aldaketak egingo dizkio Realaren proposamenari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu