Emakumeen Bira

Animatzetik dortsala jartzera

Txirrindulari gazteak dira Bizkaia-Durangoko Aroa Gorostiza eta Sopelako Andere Basterra. Ilusioz ekin zioten estreinakoz Birari: aurrenak lehian jarraitzen du; bigarrenak utzi egin du.

ainara arratibel gascon
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Joane Somarriba da Emakumeen Bira irabazi zuen azken euskal txirrindularia, 2004an. Orduan, Sopela taldeko txirrindulari Andere Basterrak (Zalla, Bizkaia, 2000) 4 urte baino ez zituen, eta 5 Bizkaia-Durangoko Aroa Gorostizak (Elorrio, Bizkaia, 1999). Orain, haiek dira Euskal Herrian korritzen den UCI World Tourreko lasterketa bakarraren tropelaren parte. Biran ariko ziren estreinako aldi honetan, bukatzea zuten amets biek ala biek. Baina Gorostizak bakarrik lortuko du helburua, Basterra erretiratu egin baitzen atzo, bigarren etapan.

Aldaketa handiko denboraldia izaten ari da bientzat. Basterrak, esaterako, lehen denboraldia du maila gorenean lehiatzen: «Aldaketa handia izaten ari da, batez ere etapek duten erritmoarengatik. Maila honetan, abiadurarik mantsoena ere handia da. Zailena hori da, baina ohitzen ari naiz. Lasterketa bakoitza ikasgai bat izaten ari da. Gero eta konfiantza gehiago hartzen ari naiz, eta niretzat hori da garrantzitsuena». Tarteka, Eider Merinorekin (Movistar) entrenatzen da erritmo hori hartzeko. «Nire herri albokoa da, Balmasedakoa, eta erreferentetzat daukat. Izugarri gozatzen dut harekin entrenatzen; oso gustuko dut. Pena da askotan kanpoan egoten dela lehiatzen, eta ezin duela».

Basterrak ere lehen urtea du unibertsitatean: irakasle ikasketak egiten ari da: «Lasterketetara noanean, beti daramatzat aldean apunteak eta liburuak , baita Biran ere. Izan ere, bi aste barru azterketak ditut. Masajea hartu eta afaldu ostean, zertxobait ikastea tokatzen da. Ahal den neurrian gauero egiten dut hotelean». Haren helburua litzateke hala jarraitzea, eta, ikasketak amaituta, txirrindularitzari denbora osoa eskaintzea. «Eiderrek eta Anek [Santesteban] erakutsi digute posible dela txirrindularitza eta ikasketak uztartzea»

Gorostizak, berriz, ikasketak utzi eta arreta osoa txirrindularitzan jarri du. «Aurreko sasoian modulu bat ikasi nuen, baina zaila egiten zitzaidan biak uztartzea. Ez nion beharrezko arreta eskaintzen ez bati ezta besteari ere».Horrek teknikoki eta taktikoki «urrats bat» egiteko modua eman dio: «UCI mailako proba gehiago korritzeko aukera izaten ari naiz, eta horrek asko lagundu dit; baita kalitate handiagoko entrenamenduak egiteak ere. Hori eta atsedenari aurreko sasoietan baino garrantzi handiagoa ematea,ikasketen ezin nuelako, eta funtsezkoa delako gure errendimendurako eta emaitzetarako».

Biek «poz handia» hartu zuten Biran parte hartuko zutela jakitean. «Niretzat txikitako amets bat betetzea da, eta, esan zidatenean, errepide bazterrean animatzen egoten nintzen garaiak izan nituen gogoan. Barrutik, ordea, oso bestelakoa da. Animatzen egoten nintzenean, urduritasun apur bat nuen, baina orain, gehiago. Ardura ere baduzu, aukera aprobetxatu nahi duzulako, eta zure taldekideei lagundu. Motibazioa da hori ere, eta erakusten du taldea harrobiaren alde egiten ari den lana. Eskertzekoa da etxeko txirrindularientzat», nabarmendu du Gorostizak.

Basterraren aita oso txirrindularitzazalea da; harengandik datorkio zaletasuna. «Harekin joaten nintzen Bira ikustera. Hari esker naiz txirrindulari, hark egin ninduen txirrindularitzazale. Oraindik ere ibiltzen da bizikletan, eta hari ere zor diot hemen egotea».

Gorostizak eta Basterrak argi dute «lanera eta ikastera» etorri direla Emakumeen Birara, eta onartu dute «handia» dela Amanda Spratt (Mitchelton), Annemiek van Vleuten (Mitchelton) eta Soraya Paladin (Alle Cipollini) bezalako txirrindulari bikainekin etxean lehiatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.