FUTBOLA. Athletic oso urruti joan da Joseba Agirreren ordezkoa topatzeko; Txinara, hain zuzen. Han ari zen Angel Villacampa entrenatzaile espainiarra, hango 16 urtez azpiko emakumezkoen selekzioa entrenatzen. Baina talde zuri-gorriak ez du Villacamparen alde egin Txinan egindako lanagatik, baizik eta aurretik egindakoagatik. Izan ere, Villacampak bi urte eta erdiz entrenatu zuen Atletico Madril, 2016ko urtarriletik 2018ko ekainera. Espainiako taldeak emaitza bikainak lortu zituen hura aulkian zela: bi liga eta kopa bat. Beste bitan izan zen Kopako txapeldunorde. Bietan galdu zuen Bartzelonaren aurka.
Villacampak entrenatuta, Atletico Madrilek marka bikainak lortu zituen. 2016-17ko sasoian, adibidez, partida bakar bat ere galdu gabe izan zen txapeldun. 46 neurketa egon zen galdu gabe. Athleticek nabarmendu duenez, «oso entrenatzaile zorrotza da, eta gustuko du erasoko jokoa».
Entrenatzailea fitxatuta, erabakiak hartzen hasiko dira, eta horietan parte hartuko dute Joseba Agirre kirol zuzendariak eta Villacampak berak. Taldeak ez du oraindik sasoia amaitu. Datorren asteazkenean, adibidez, Euskal Herria kopako finalerdia jokatuko du Eibarren aurka, Galdakaon (Bizkaia), Santa Barbaran, 19:30ean. Bezperan, Realak eta Alavesek jokatuko dute lehen finalerdia, Arrasaten (Gipuzkoa), Mojategin, 19:30ean.
Angel Villacampak entrenatuko du Athletic
Teknikari espainiarrak bi liga eta kopa bat irabazi zituen Atletico Madrilekin. Txinan ari zen lanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu