Lan onari errematea emateko aukera ona eduki zuten atzo Ion Izagirrek (Movistar) eta Amets Txurrukak (Caja Rural), baina Angel Madrazok (Caja Rural) irabazi zuen, azkenean, Ordiziako klasikoa, hiru txirrindulari horien arteko esprintean. Ihesaldi horretan bi txirrindulari sartuta, dena alde zeukan Caja Ruralek, eta Madrazoren abiaduraren alde egin zuen taldeak. Lehiaketara bueltan, pedal kolpe onarekin ibili zen Izagirre anaietan gazteena, baina bigarren postuarekin eman behar izan zuen amore.
Azken estutuaren aurretik, eta hainbat eraso saiakeraren ondoren, bederatzi txirrindulariko ihesaldia sortu zen lehen itzulian bertan. Marc Soler sartu zuen aurrean Movistarrek, Miguel Angel Benito Caja Ruralek, eta Eneko Lizarralde Muriasek —mendiko saria irabazi zuen—. Ia lau minutuko aldea ere lortu zuten lehen aldiz Ordiziatik igaro zirenean, baina ordurako atzean lanean hasita zegoen Movistar. Abaltzisketako hirugarren igoeran, minutuaren azpitik zen aldea, eta erasora jo zuten Solerrek eta Adrien Petitek (Cofidis). Beherakoan, Jens Keukeleire (Orica) iritsi zen Solerrengana —atzean utzita zeukan Petit—. Baina Ordiziara bidean bat egin zuten denek.
Abaltzisketara bidean, Damien Howsoni (Orica) erantzunez mugitu zen Madrazo, baina Gaintzako igoerak zatitu zuen taldea, Txurruka, Izagirre eta Madrazo buruan utzita. Bi baten aurkakoa baliatuta, Caja Ruralek ondo irabazi zion apustua Izagirreri.
Angel Madrazok irabazi du Ordiziako klasikoa, Izagirreri aurrea hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu