Txirrindularitza

Ane Santestebanek zortzigarren amaitu du Frantziako Tourra

Aurtengo Giroan ere lehen hamarren artean bukatu zuen. Hori lortu duen hirugarren euskal ziklista da. Tourra Demi Volleringek irabazi du.

Ane Santesteban, atzo, Tourmaleten bukatu zen etapa amaitu berritan. @GREENEDGETEAM
Paulo Ostolaza.
2023ko uztailaren 30a
19:57
Entzun

Sasoiko dago euskal txirrindularitza. Gizonezkoen Frantziako Tourrean lortutako emaitza bikainen ostean, emakumezkoenean balentria egin du Ane Santestebanek (Jayco AlUla) sailkapen nagusian zortzigarren postuan amaituta. Gaur, azken eguneko erlojupekoan, Errenteriako (Gipuzkoa) ziklistak ezin izan dio eutsi atzotik zuen zazpigarren postuari, aurrea hartu baitio Cecilie Ludwigek (FDJ).

Tourrekoa ez da, gainera, Santestebanek aurtengo itzuli handi batean lehen hamarrean artean sailkatzea lortu duen lehen aldia: Italiako Giroan ere lortu zuen, hamargarren amaituta. Marka hori egin duen hirugarren euskal ziklista da, Eneritz Iturriagaetxeberriaren eta Joane Somarribaren ostean —hark hiru Tour eta bi Giro irabazi zituen—. Errenteriakoa oso erregularra izan da Tourrean; besteak beste, zazpigarren amaitu zuen atzo, Tourmaleteko etapan.

Gainontzean, lasterketako txirrindulari onena Demi Vollering (SD Worx) izan da. Tourmaleten erabakita utzi zuen Tourra erakustaldia emanda, eta gaur bigarren izan da erlojupeko saioan, bere taldekide Marlen Reusserren atzetik. Dena irabazi du Herbehereetako taldeak. Sailkapen nagusiko bigarrena ere talde horretakoa izan da, Lotte Kopecky. Podiuma osatu du Katarzina Niewiadomak (Canyon).

Laugarren izan da Annemiek Van Vleuten (Movistar), iazko garailea. Bost itzuli handi jarraian zituen irabaziak, baina ezin izan du Tourra nahi bezala agurtu, seigarrena irabazita. Denboraldi amaieran hartuko du erretiroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.