Ane Santesteban euskal talde batean ariko da hamar urteren ostean. 32 urteko txirrindulari errenteriarrak hiru denboraldirako kontratua sinatu du Laboral Kutxa taldearekin: 2026ra arte arituko da, hain zuzen. «Etxera itzultzeko gogo handia nuen. Etxetik kanpo ametsen bila aritu eta gero, etxean lehiatu nahi nuen, eta, Laboralekin sinatuta, biok haziko gara elkarrekin. Ez dago hazten jarraitzeko toki hoberik», esan du.
Laboral Kutxaren arabera, Santesteban euskal txirrindularitzak egun duen “erreferentea” da, eta “maila goreneko txirrindularia”. Errenteriako txirrindulariak taldeari eskaini nahi dizkio garaipenak, eta, horretaz gain, taldekide gazteenei “txirrindularitzaz gozatzen” irakatsi nahi die.
Aitor Galdos Laboral Kutxako kirol zuzendariak adierazi du “euskal txirrindularitzaren iragana, oraina eta etorkizuna uztartzea” lortu dutela. Joane Somarribarekin, Ane Santestebanekin eta Eneritz Vadillorekin. Somarriba txirrindulari ohia taldeko enbaxadorea da ekainetik. Santesteban fitxatzearen onurak azpimarratu ditu Galdosek: “Lider natural bat izango da lasterketa eta klasiko gogorretan. Eta taldeari lehen ez zeuzkan bermeak eta ikusgaitasuna emango dizkio”.
Santesteban denboraldi bikaina egiten ari da. Lasterketa garrantzitsuenetan lehen hamar hoberenen artean egotea lortu du: Italiako Giroan hamargarren postuan amaitu zuen, eta Frantziako Tourrean, zortzigarrenean.