Alaves

Andrea Esteban: «Sasoi hasieran, sinatuko genukeen orain gauden tokian egotea»

Denboraldi paregabea egiten ari da Alaves, eta helburua argi dute: Lehen Mailara igotzea. «Amaierara arte» borrokan segituko dutela nabarmendu du teknikariak.

Andrea Esteban Alaveseko entrenatzailea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Andrea Esteban Alaveseko entrenatzailea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko otsailaren 8a
05:00
Entzun

Gozo hasi zuen denboraldia Alavesek, nagusitasunez, eta puntuak bildu eta bildu. Urte amaieran, hauek ziren datuak: jokatutako hamahiru partidetatik, hamar irabazi zituen, eta hiru berdindu. Garratzago ekin dio aurten, baina: hiru neurketa jokatu ditu 2025ean, eta horietatik bat berdindu egin du, eta beste bi galdu.

Real Madrilen eta Alhamaren kontra geratu da esku hutsik, eta gogor ordaindu du azken porrota: sasoi osoan mantendu duen lidergoa ostu dio Alhamak. Baikor dago, ordea, Andrea Esteban entrenatzailea: «Lehen jardunaldian bezala, konfiantza osoa dut nire jokalariengan».

Jomuga argi dute: Lehen Mailara igotzea. Eta horretarako, bi bide dituzte: liga irabazi eta zuzenean igotzea lortu, edo hurrengo lau sailkatuen artean amaitu eta kanporaketetan nagusitu. Taldearen hasierako helburua zein den gogoratu du Estebanek, eta azaldu horri eutsi nahi diotela: «42 puntu lortu nahi ditugu. Zergatik? Joan den denboraldian bosgarrena 42 punturekin sailkatu zelako kanporaketetarako. 20. jardunaldirako lortzen baditugu, horrek esan nahi du zuzenean igotzeko borrokan ari garela, edo kanporaketetarako postu hobeagoa izateko lehian. Ez dugu mugarik jartzen. Lidergoa berreskuratu nahi dugu, eta zuzenean igotzea lortu, baina mailaz igotzeko modu bat baino gehiago dago». Hala gaineratu du: «Sasoi hasieran, sinatuko genukeen orain gauden tokian egotea».

Aitortu duenez, «zaila» da maila gorenera igotzea, oso kategoria «lehiakorra» delako Bigarren Maila. Baina denboraldi hasierari erreparatuta, ez diote aukerari ihes egiten utzi nahi: «Dena emango dugu, eta amaierara arte borrokatuko gara». Hamar jardunaldiren faltan, puntu batera du lehen sailkatua, Alhama, eta bederatzi puntutara seigarrena, kanporaketetatik kanpo utziko lukeena. 

«Lidergoa berreskuratu nahi dugu, eta zuzenean igotzea lortu, baina mailaz igotzeko modu bat baino gehiago dago»

ANDREA ESTEBANAlaveseko entrenatzailea

Defentsako lan ona da Alavesen indarguneetako bat. Hamasei jardunalditatik bederatzitan utzi du atea hutsean, eta hamar gol baino ez dizkiote sartu. Esanguratsua da hau ere: horietako bost azken bi partidetan sartu dizkiote: «Atea hutsean utzi behar dugu berriro, eta defentsan sendo egon. Aurrean ere eraginkor aritu behar dugu, eta aukerak gauzatu, ez baikara asmatzen ari».

Estebanen arabera, jakitun zeuden ia ezinezkoa zela hasierako emaitzen erritmoari eustea, eta prestatu dira txakalaldietarako: «Bagenekien porrota berandu baino lehen helduko zela. Taldeak errendimenduan jarri behar du arreta, egunerokoan. Garaipenaren bidera itzuli nahi dugu ahal bezain laster».

Gaur izango dute horretarako abagunea, Caceñerori egingo dioten bisitan (12:00). Ez da neurketa erraza izango, hala ere. Denboraldi honetan, Caceresko taldeak ez du partidarik galdu etxean, ez ligan, ezta Kopan ere. Athletic kanporatu zuen, hain zuzen, final-zortzirenetan. Neurketaren balorazioa egin du Estebanek: «Beste behin, ez da partida erabakigarria izango, baina baldintzatuko du. Gogotsu goaz. Taldeak amorru handia du barruan, eta hori ere bideratu behar da».

Garaipena eskuratzeko asmotan, Marta San Adrianen laguntza ere izango dute. Aurrelaria denboraldi amaierara arte arituko da Alavesen, Athleticek utzita. Gasteizko taldean ibilitakoa da donostiarra. «Gol asko duen aurrelaria da. Kluba ezagutzen du, taldekideak eta hiria ere bai, eta berehala egokitu da. Oso pozik gaude. Fitxaketa honekin, klubak erakutsi du taldea hobetzeko eta ahal den lehiakorrena izateko apustua egin duela».

Lana fruituak ematen

Bigarren denboraldia du Alaves gidatzen Estebanek. Mailaz jaitsi berritan hartu zuen erronka. Aurrez, gorenean zen Valentziako teknikari aritu zen. «Urte eta erdi neramatzan Valentzian mailari eusteko borrokan. Testuinguru desberdin bat nahi nuen entrenatzaile aritzeko. Hasiberria nintzen, eta mailaz igotzeko proiektu bat erronka desberdina zen. Hasieratik erakarri ninduen. Alavesek baliabide asko jartzen ditu emakumezkoen sektorean, eta klubaren konfiantza sumatu nuen. Ez nuen zalantzarik egin».

Azaldu du mailari neurria hartzea izan zela, batez ere, joan den sasoiko lana: «Mailaz jaitsi ondoren, kostatu egiten da taldea osatzea. Aldaketa asko izaten dira, eta ez da erraza. Bestelakoa izaten ari da bigarren hau. Trantsizio urte horren ondoren, taldearen beharrak atzematen dituzu, baita lehiaketak exijitzen dizuna ere. Denborarekin eta pazientziarekin beste modu batera osatu dugu dena, eta udan egindako lana fruituak ematen ari da. Oso gustura gaude».

«Hasiberria nintzen, eta mailaz igotzeko proiektu bat erronka desberdina zen»

ANDREA ESTEBANAlaveseko entrenatzailea

Jokalari ere aritutakoa da Esteban. Aurrelaria zen, eta etorkizun handia aurreikusten zioten: 15 urterekin egin zuen debuta Lehen Mailan, Levanterekin. Lesioen ondorioz, baina, 23 urte baino ez zituela utzi egin behar izan zuen. Valentzian ari zen orduan. «Beti pentsatu izan dut jokalari etapa amaitutakoan entrenatzaile saiatu nahi nuela, baina egia da askoz beranduago hastea espero nuela. Zoritxarrez, azkar utzi behar izan nion jokalari izateari».

Jakin-mina eta ikasteko gogoa lagun izan ditu beti. «Gogoratzen naiz 16 urterekin nire libreta nuela: egunero entrenamenduetan zer egiten genuen apuntatzen nuen. Oraindik gordeta dauzkat. Oso goiz trebatu nintzen entrenatzaile izateko, Fisioterapia ikasten ari nintzen bitartean. Hogeita gutxi urterekin eginda neuzkan entrenatzaile kurtsoak».

Eta halaxe hasi zuen teknikari bidea. Nahi baino lehenago, baina gogotsu: «Disfrutatu egiten dut nire lanarekin». 28 urte ditu, eta ibilbide oso bat aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.