ANALISIA

Andoniren keinua

2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Finalari buruz idazteko eskatu didate, baina lehenbizi Andoni Aretxabaletarekin oroitu nahiko nuke, eta haren keinuarekin. Txapelketako zazpi partida jokatu ondoren, Bengoetxea eta Untoria finalerdietara sailkatu zirenean bere tokiari uko egin zion. Bere ordezkoak emaniko maila ikusita hark jarraitzea merezi zuela esan zuen. Atzelari gazte bat, bere bigarren txapelketan... Ikusi izan ditugu aurkako kasuak eta sasoi betean zeuden pilotariak jokatzen.Andoniren keinua txalotzekoa da, ezohikoa. Bere izaeraren erakusle da.

Orain bai, finala. Onartzen dut harritu egin nauela bi bikote hauek iritsi izanak. Hasiera batean ez ziren kinieletan agertzen; izan ere, Irujo edo Olaizola II.a final batean ez egotea berez da ezustekoa. Txapelketa luzeegia iruditu zait; bost hilabete... Sasoian gorabehera asko izan daitezke epe horretan. Luzera horrek ordezkapen asko eragin ditu, eskuetako arazoak... Txanponaren beste aldean oreka jarriko nuke, txapelketa irekia izan baita.

Finalerako faborito bila jarrita, Bengoetxea eta Untoria nabarmenduko nituzke, baina alde txikiz: %53-%47, batez ere azken partidetako jokoari eusten badiote. Ozta-ozta sailkatu ondoren, finalerdietan oso maila ona eman dute. Untoria txapelketako agerkundea izan da, hori da hori kantxa estaltzea, eta finaleko presioari eutsi ahal izango diola uste dut. Bestalde, Oinatzen txapelketa harrigarria izan da. Binaka ez dut inoiz hala jokatzen ikusi. Defentsa eta lanerako grina beti izan du, baina txapelketako azken txanpan tantoa ere bikain bukatu du. Oso garai gozoan dago. Nire ustez, orain, Berasaluze baino hobeto.

Zubietak ere txapelketa handia egin du. Berak eutsi dio bikoteari. Ligaxkan aurreneko izan ziren, eta finalerdietan irabazitako partidetan, eskuko arazo eta guzti, ondo aritu zen. Berasaluze, aldiz, txapelketa luzeak mesede handien egin dion pilotaria da, lesioaren ondoren apurka erritmoa hartu duelako. Zubieta, kolpez, Untoriak baino gehiago da, eta euren aukerak Zubietak agintzean daude, eta Berasaluze trebe aritu dadila hirutik aurrera.

Era berean, norbaitentzat final berezia bada, Pablorentzat da. 38 urterekin txapel bat janzteko bere azken aukera izan daiteke, eta oraindik ez dugu ahaztu duela bi urteko bere finaleko lesioaren hozkirria. Pilotak, batzuetan, kendutakoa itzultzen dizu, eta pozten naiz harengatik. Gaur ez dezagula halakorik ikus. Nik, ohiko denez, irratiz kontatuko dut, Radio Euskadiko uhinetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.