Andoni Iraolak (Usurbil, Gipuzkoa, 1982) hartu du erabakia. Datorren urtean Bournemouthen entrenatuko du, Premier Leaguean. Datozen bi denboraldietarako fitxatu du Cherriekin. Iragan sasoian lortu zuten Lehenengo Mailara igotzea, eta aurten hamabosgarren postuan amaitu dute liga, jaitsiera postuetatik bost puntura. Helburua lortu arren, gaur bertan adierazi dute Gary O'Neil prestatzailearen kargugabetzea. Iraola izango da orain proiektua Premier Leaguen egonkortzeko helburua betetzeko arduraduna.
Denboraldiko azken neurketaren atarian adierazi zuen Iraolak Rayo Vallecano uztea erabaki zuela. Vallecasen egindako urteak oparoak izan dira, eta urtez urte aurrez lortutako emaitzak hobetu ditu. Horregatik Sevilla, Celta, Almeria edo Celtic Glasgow bezalako taldeak entrenatzeko hautagaia izan da uda honetan. Baina azkenean Bournemouthera egingo du usurbildarrak. Gauzak horrela, lau euskal teknikari izango dira Ingalaterrako Lehen Mailan: Julen Lopetegi, Unai Emery, Mikel Arteta eta Iraola bera.
Bournemoutheko presidente Bill Foleyk esan duenez, «albiste pozgarria» da Iraolaren fitxaketa: «Kontinente osoko klub askok nahi zuten teknikaria da, eta bere taldeen jokatzeko era faktore garrantzitsua izan da erabaki hau hartzeko. Espainian izan dituen lorpenak, zalantzarik gabe, izugarriak izan dira, eta ziur gaude teknikari egokia dela gure hurrengo atala gidatzeko».