Eskuin hegaleko atzelariak Alavesen egin du azken denboraldia. Behin kontratua amaituta, Athleticekin akordio bat lortu du. Datozen lau denboraldietan arituko da Bizkaiko taldean, 2028ko ekainaren 30era arte. 27 urteko arrasatearrak talde berriaren filosofia goraipatu du, eta adierazi du beregan jarritako konfiantza itzuli nahi diola taldeari: «Erronka bat gehiago da nire ibilbidean, Athletic klub handi bat da, historia handikoa, Ligan eta Europan goian egoteko beti lehiatu duena. Aukera polita da, eta zelaira itzuli ahal izatea espero dut».
Alavesen 37 partida jokatu ditu, eta taldean gehien jokatu dutenen artean bigarrena izan da. Gainera, falta gehien egin dizkioten jokalaria ere bera izan da. Aurretik sei denboraldi egin zituen Realean; 114 partida jokatu zituen, horietatik hemeretzi Europa ligan. Datorren denboraldian Athleticek jokatuko du txapelketa horretan. Bere lorpenik handiena 2021ean irabazitako Espainiako Kopa du.
Aurten, euskal selekzioarekin ere jokatu du, martxoaren 25ean, Bilbon, Uruguaien aurkako neurketan. Berdinketan amaitu zen partida, eta Gorosabelek berak bideratu zuen euskal selekzioaren gola; bere erdiraketa baliatuta sartu zuen gola Djalok.