Elosegik sekulako kirol ibilbidea osatu du. Lau aldiz aritu da Olinpiar Jokoetan, C1 mailan: Pekinen 2008an, Londresen 2012an, Rio de Janeiron (Brasil) 2016an, eta Tokion 2021ean. Beti sailkatu da finalerako, baita olinpiar diploma lortu ere: Pekinen eta Londresen domina irabaztekotan izan zen, laugarren izan baitzen. Rio de Janeiron eta Tokion, berriz, zortzigarren postuan sailkatu zen.
Olinpiar Jokoetan ez ezik, munduko eta Europako txapelketetan ere nabarmendu da. Bi aldiz izan da munduko txapeldunorde: 2019an, zilarrezko domina lortu zuen La Seu d’Urgellen (Herrialde Katalanak), C1 mailako banakakoan eta taldekakoan; hamar urte lehenago, brontzezko domina eskuratu zuen toki berean, taldekakoan.
Europako Txapelketan, berriz, bitan igo da podiumaren hirugarren koskara: 2016an brontzezko domina kolkoratu zuen banakakoan, Liptovski Mikulasen (Eslovakia), eta sei urte geroago, beste horrenbeste egin zuen toki berean taldekakoan.