«Erabakia sendoa da. Gorputzak baino gehiago, buruak esaten dizu uzteko unea dela. Ez nuen pentsatzen horrelako ibilbide bat izango nuenik. Bakean eta asebeteta noa». Ander Elosegi piraguistak hitz horiekin esan dio agur goi mailako lehiari. Donostiako Aquariumean egin du, lagunez eta senideez inguratuta. Bertan izan ziren baita ere Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Gorka Iturriaga eta Basque Team Fundazioko koordinatzaile Olatz Legarza.«Jendeak aintzat hartu nauen sentipenarekin noa. Gertutasun eta maitasun hori sumatzen dut. Baina, era berean, nahiago dut pisua kendu eta lasaiago hartu»,
Atzera egin du Elosegik. «Behin, txikitan, izebari esan nion Olinpiar Jokoetara joan nahi nuela. Momentuko txorakeria hori egi bihurtu zen». Ez da, gainera, behin bakarrik egi bihurtu, baizik eta lau aldiz: 2008an Pekinen egon baitzen, 2012an Londresen, 2016an Rio de Janeiron eta 2021ean Tokion. Guztietan sailkatu zen finalerako, baita olinpiar diploma lortu ere. Olinpiar Jokoetan ez ezik, munduko eta Europako txapelketetan ere nabarmendu da. Bi aldiz izan da munduko txapeldunorde: 2019an, zilarrezko domina lortu zuen La Seu d'Urgellen (Herrialde Katalanak), banakakoan eta taldekakoan; hamar urte lehenago, brontzezko domina eskuratu zuen toki berean, taldeka. Europako Txapelketan, berriz, bitan igo da podiumaren hirugarren koskara: 2016an brontzezko domina kolkoratu zuen banakakoan, Liptovski Mikulasen (Eslovakia), eta, sei urte geroago, beste horrenbeste egin zuen toki berean taldekakoan.
17 urtez aritu da goi mailan lehiatzen«Lan asko egin dut. Lan egiten ez duenak oso ibilbide motza izaten baitu».Santiagotarrak klubean eman ditu urte guztiak, eta hasierak izan izan ditu gogoan: «Egunero gauza berriak ikasten zenituen, eta dibertigarria zen. Uzteko erabakiaren mugarria iazko Ausburgeko Munduko Txapelketa izan zen. «Tokioko Olinpiar Jokoak prestatzea gogorra izan zen, are gehiago pandemiagatik urtebete atzeratu zirela kontuan hartuta. Behin horiek pasatuta, iaz konturatu nintzen kostatu egiten zitzaidala entrenatzera joatea, eta Munduko Txapelketaren bueltan konturatu nintzen unea zela. Are gehiago gazteak topera ikusten nituenean».
Goi mailako lehia utzi arren, piraguismoari lotuta jarraitzea gustatuko litzaioke. «Azken batean, piraguismoa bizitzeko modu bat izan da niretzat.Hilabete hauetan nahiko aldenduta egon naiz, baina etor daitezkeen proiektuetan laguntzeko prest nago».Euskal Herrian piraguismoak geroa baduela iritzi dio. «Belaunaldi on bat dator, multzo on bat. Haiekin entrenatu izan dudanean sumatu izan dut hori. Osasuntsu dagoela esango nuke».