Ander Elosegi: «Buruak baino gehiago, gorputzak esaten dizu uzteko»

Lagunez eta senidez inguratuta eman du agur prentsaurrekoa. Lehia utzi arren, piraguismoari lotuta jarraitzea gustatuko litzaioke gerora

Ander Elosegi, arraunarekin, lagunez eta senidez inguratuta. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
«Erabakia sendoa da. Gorputzak baino gehiago, buruak esaten dizu uzteko orduan dela. Ez nuen pentsatzen horrelako ibilbide bat izango nuenik. Bakean eta asebeteta noa». Ander Elosegi ur bizietako piraguistak hitz horiekin esan dio agur goi mailako lehiari. Donostiako Aquariumean egin zuen atzo, lagunez eta senidez inguratuta. Han izan ziren Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari Gorka Iturriaga eta Basque Team Fundazioko koordinatzaile Olatz Legarza ere.«Jendeak aintzat hartu nauen sentipenarekin noa. Gertutasun eta maitasun hori sumatzen dut. Baina, era berean, nahiago dut pisua kendu eta lasaiago hartu».

Atzera egin zuen Elosegik. «Behin, txikitan, izebari esan nion Olinpiar Jokoetara joan nahi nuela. Momentuko txorakeria hori egia bihurtu zen». Ez da, gainera, behin bakarrik egia bihurtu, baizik eta lau aldiz: 2008an Pekinen egon baitzen, 2012an Londresen, 2016an Rio de Janeiron eta 2021ean Tokion. Guztietan sailkatu zen finalerako, baita olinpiar diploma lortu ere.

17 urtez aritu da goi mailan lehiatzen. «Lan handia egin dut. Lan egiten ez duenak oso ibilbide motza izaten baitu». Santiagotarrak klubean eman ditu urte guztiak, eta hasierak izan zituen gogoan: «Egunero gauza berriak ikasten zenituen, eta dibertigarria zen».

Uzteko erabakiaren mugarria iazko Ausburgeko Munduko Txapelketa izan zen. «Tokioko Olinpiar Jokoak prestatzea gogorra izan zen, are gehiago pandemiagatik urtebete atzeratu zirela kontuan hartuta. Behin horiek pasatuta, iaz konturatu nintzen kostatu egiten zitzaidala entrenatzera joatea, eta Munduko Txapelketaren bueltan konturatu nintzen bazela garaia. Are gehiago gazteak dena emanda ikusten nituenean».

Goi mailako lehia utzi arren, piraguismoari lotuta jarraitzea gustatuko litzaioke. «Azken batean, piraguismoa bizitzeko modu bat izan da niretzat. Hilabete hauetan nahiko aldenduta egon naiz, baina etor daitezkeen proiektuetan laguntzeko prest nago». Uste du Euskal Herrian piraguismoak geroa baduela. «Belaunaldi on bat dator, multzo on bat. Haiekin entrenatu izan naizenean sumatu izan dut hori. Osasuntsu dagoela esango nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.