Errugbia

Anbizioa bai, zuhurtzia ere bai

Aurreko denboraldiko lana hobetu eta Top14n egonkortzen jarraitzea da Baionaren helburu nagusia sasoi honetan. Gaur ekingo dio ligari, etxean, Tolosaren aurka.

Baionako errugbilariak, ahalegin betean, denboraldiaurreko entrenamendu batean. AVIRON BAIONA.
Iñaki Berastegi.
2023ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Irailaren 8tik urriaren 28ra bitartean jokatuko da errugbiko Munduko Kopa, Frantzian eta Bretainian, eta erabat baldintzatuko du Top14 ligaren hasiera. Hiru jardunaldi jokatuko dira ia bi hilabeteko etenaren aurretik, eta taldeek euren selekzioekin ariko diren jokalarien falta izango dute hasiera horretan.

Baiona ez da salbuespena, eta, azken deialdien faltan, sei edo zortzi jokalari faltako dituztela aurreikusi dute. «Denboraldia hasteko modu bitxia da. Jokalari garrantzitsu batzuk faltako zaizkigu hasiera honetan, baina aurreko denboraldian baino talde zabalagoa dugu», esan du Gerard Fraserrek (Rangiora, Zeelanda Berria, 1978), atzelarien entrenatzaileak. Facundo Bosch eta Lucas Paulos argentinarrek ere ez dute lehen neurketa jokatuko, astelehenean itzuli baitziren Baionara, euren selekzioaren azken deialditik at geratu eta gero.

Zailtasunak zailtasun, prestaketa «ona» egin dutela uste du Fraserrek. «Iaz baino jarraitutasun handiagoz lan egin dugu. Gainera, entrenatzaile taldearen bigarren urtea izanik, hobeto ezagutzen dugu elkar». Uda partean bi lagunarteko jokatu ditu Lapurdiko taldeak, eta biak irabazi ditu: 19-7 menderatu zuen Stade Français, eta 33-26 irabazi zion Paueri. «Lagunartekoak jokatzea ere garrantzitsua da, entrenamenduetan baino gauza gehiago ikusten baitira. Ez dira partida ofizialak, baina taldearen konfiantzarako ona da neurketa hauek irabaztea, emaitzek sinesgarritasuna ematen baitiote egiten dugun lanari».

Aurreko denboraldiaren azterketa sakona egin eta gero, hobetzeko bi arlo nagusi atzeman zituzten. «Lehenik eta behin, gure erasoa garatu behar genuela uste dut. Erasoko jokaldietan zehatzago jokatzeko beharra ikusi genuen, bereziki geldikako jokaldietatik abiatutakoetan. Horretaz aparte, defentsa hobetu dugu, eta puntu gutxiago jasotzeko lan egin. Zenbakiei begiratuz gero, azken hogei minutuetara arte talde ona izan ginen, baina azken minutu horietan sartu zizkiguten puntuak, etxetik kanpoko bereziki».

Hori lortu ahal izateko, litekeena da taldea osatzerakoan egindako lana ezinbestekoa izatea. «Jokalariak fitxatzeko orduan anbizio handiagoz aritzeko aukera izan dugu, eta jokalari onak ekarri ahal izan ditugu. Pozik gaude osatu ahal izan dugun taldearen mailarekin eta jokalari kopuruarekin. Gainera, klubarentzat garrantzitsua zen euskal errugbiarekin identifikatuta zeuden jokalariak ekartzea, eta hori da Arthur Iturriaren edo Cheikh Tiberghienen kasua».

Haiekin batera, Fraserrek azpimarratu du lehen taldeari lagundu diezaioketen jokalari «interesgarriak» dituztela harrobian: «Yohan Orabe, Victor Hanoun, Tom Spring eta Arnaud Erbinartegarai gurekin entrenatzen hasi ziren iaz, eta minutuak izan zituzten partida ofizialetan. Bikaina izan zen haien garapenerako, eta jada erosoago ikusten ditugu entrenamenduetan. Talentu handia dago harrobian, eta haiengandik espero dugu jokalari helduagoak estutzea».

Baina hutsune handi bat ere badu oraindik Baionak: Gaetan Germain, atzelari titularra. Iazko azaroan, lesio larria izan zuen, eta oraindik bakarka entrenatzen ari da. «Azaroan taldearekin entrenatzen hastea espero dugu. Azkenerako, urtebete beharko du gutxienez osatzeko. Gaetan oso ondo aritu zen min hartu arte. Taldera noiz itzuliko zain gaude».

2021-2022ko denboraldian Top14ra igotzea lortu eta gero, aurreko sasoia zortzigarren postuan amaitu zuen Baionak, seigarren postutik bost puntura —postu horrek ematen du kanporaketak jokatzeko aukera—. «Helburua aurreko denboraldia hobetzea da. Kanporaketetarako sailkatzea ez da jarritako helburu bat; ez da horri buruz talde barruan hitz egin. Anbizioz lehiatu behar dugu, baina oinak lurrean izatea ere beharrezkoa da».

Anoetan jokatutako partida salbu, etxean jokatutako neurketa guztiak irabazi zituen Baionak. Beraz, etxeko emaitzei eutsi eta etxetik kanpo garaipen gehiago lortzea funtsezkoa izango da aurreko denboraldia hobetu nahi bada. «Jean Daugerren eman dugun maila jarraitutasun handiagoz erakutsi behar dugu etxetik kanpo, eta aurreko sasoian Top14n jarraitzeko genuen gose hori ere izan behar dugu».

Lehen aurkaria: txapelduna

Ligako lehen aurkaria Okzitaniako Tolosa izango da gaur Jean Daugerren (21:05): azken denboraldiko txapelduna. Aurreko sasoian, Baiona 26 -22 gailendu zen Jean Daugerren, eta 21-6 galdu zuen Ernest-Wallon estadioan. «Erronka handia izango da euren kontra liga hastea, baina oso motibatuta gaude».

Etenaren aurreko beste bi aurkariak Toulon eta Castres izango dira; biak etxetik kanpo jokatuko ditu. «Ez zait gustatzen kalkuluak egitea, baina, galdetzen badidazu, garrantzitsua litzateke etenaldiaren aurreko hiru partida horietan garaipen bat lortzea; etxeko partidan, ahal bada. Toulonen eta Castresen etxeko lehen partidak izango dira gure aurkakoak; ez da erraza izango haien zelaian irabaztea». Top14 ligarekin batera, Txapeldunen Kopa torneoa ere jokatuko dute xuri-urdinek, abendutik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.