AMAIERA
«Hobekuntza zantzuren bat antzemango banu, pazientzia handiagoa izango nuke, baina ez da horrela, eta ez dut neure burua behar diren argudioekin ikusten». Prigioniren aitormen zintzoak zehatz deskribatzen du bere taldeari igartzen zitzaion abulia. Asteak zeramatzan Baskoniak guztiz deseginda. Tarteka bizpahiru minutuz suspertu denean, bere izarren banakako ahaleginen bitartez izan da, ez besterik. Euroligako lehiakide batek menderatu beharreko baliabideetatik bat bera ere ez du ezarri ahal izan Prigionik.Anabasa izan da erabat gasteiztarren defentsa, erasotzaileen blokeoak indargabetzeko aldaketa automatikoetan oinarritua. Asteazkeneko Valentziaren aurkakoaren azken laurdenean, Tibor Pleiss pibotak —2,17 metro da luze— bi bider jarraian jaso zuen baloia saskipean, Lucas Vildoza—1,90 eskas— parean zuela. Ahalmen atletikoa, adimena eta konbentzimendua exijitzen ditu zaintza horrek. Hirurak falta izan dira. Buruz burukoan ardura ere bai.
Erasoan, «joko dinamikoa» promestu zuen Prigionik, armazoi taktiko zurrunak alboratu eta bere jokalarien ezaugarri zehatzak lehen planoan ipinita. Kontzeptukako joko hori ez da berria, baina ez du erakutsi ere egin Baskoniak, ez eraginkor izateko moduan behintzat. Emaitzen premia larritu denean, Jayson Granger, Rodrigue Beaubois eta Tornike Xengeliaren inspirazioaren menpe geratu da taldea. Oso deigarria suertatu da Janis Timmaren —urteko fitxaketarik entzutetsuena— eta Johannes Voigtmannen ekarpen urria. Biek ustiatzeko moduko hainbat bertute dituzte, baina entrenatzailearekin konplizitatea behar duten horietakoak dira. Prigionirekin ez dute lortu.
KORAPILOA
Atzoko bazkalostera arte ez zuen baieztatu Baskoniak Prigioniren agurra. Ez dago jakiterik zuzendaritza, dimisiorik eman ez balitz, kaleratze bat gauzatzeko zorian zegoen ala ez. Erretiroa hartu berri duen jokalariari aulkia eskaintzea ez da batere ohikoa saskibaloian. Azken aurrekari arrakastatsua Zeljko Obradoviena da, hilabete gutxian Partizan kantxan zuzentzetik entrenatzaile moduan Europako Kopa irabaztera pasatu zena. 1991 zen. Azkenaldian, elitean trantsizio bizkorrena burutu duena Sarunas Jasikivicius izan da, eta ia bi urte igaro zituen Zalgirisen Gintaras Krapikasen laguntzaile moduan.Behin Prigioniren eskuetan ipinita, egitasmoa ontzen uztera behartuta zegoen Baskonia, lehenbiziko hilabeteak gorabeheratsuak izan zitezkeela barneratuta. Entrenatzaile hasiberria babestu beharrean, kluba hura ia boikotatzera iritsi da. Udako klubaren planifikazioa inoiz baino axolagabeagoa izan da, eta lantaldearen eraketan hiruzpalau norabide aldaketa argi izan dira.
Shane Larkinen eta Adam Hangaren enkantean aste asko alferrik galdu zituen Baskoniak, eta, behin sasoi-aurrea hasita ere, profesionalez osatutako bi bosteko gabe jarraitzen zuen taldeak. Prigioni lasaitze aldera edo, Alfredo Salazar idazkari teknikoak normalean fitxatuko ez lukeen akuilu beteranoa ekarri zuen, onenak emanda dirudien Marcelinho Huertas. Entrenatzaileen apetei amore ematea ez da sekula izan Baskoniaren ezaugarrietako bat. Hanga Bartzelonari saldu ondoren, ordea, desgobernu atipiko batean erori da kluba. Europan azken bi hamarkadetan merkatuan inor baino azkarrago mugitu den zuzendaritza proiektu bat zehaztu ezinik ibili da. Prigioniri buruko min estrak eragingo zizkion ziur 2,3 eta 4 posizioetan pieza faltan aritu beharrak. Goitik zetorren anarkia talderaino iritsi da, azken 48 orduek frogatu gisa.