mikel rodriguez
Montmartreko kanoiak

Ziklismoaren hiriburua

2024ko abuztuaren 4a
05:05
Entzun

Paris da eliteko ziklismoaren hiriburua. Parisen asmatu zuten munduko lasterketarik handiena, Frantziako Tourra, eta horrek bakarrik justifikatuko luke baieztapen hori, baina egutegiko bertze proba handi anitzen sorlekua ere bada: Paris-Niza, Paris-Roubaix, Paris-Tours, Paris-Brusela... 

Paris eta txirrindularitza aipatzean, Eliseoko Zelaiak, Garaipenaren Arkua, azken urteetan Louvre museoa, eta esprint handi bat izan ohi dira gogora etortzen diren irudiak. Atzo, ordea, bertzelako Paris bat erakutsi zuten goi mailako txirrindularitzako irudiek, orain arte ezagutzen ez zena. Txirrindulariena ez ezik, argazkilarien eguna ere izan zen atzokoa, eta ez batzuek, ez bertzeek ez zuten hutsik egin: Montmartreko karrikak eta basilika, helmuga Eiffel dorrea gibelean duela... oroimenean geldituko diren irudiak dira, antolatzaileek ongi zekiten bezala.  

Lasterketak eta probak eman dituen bezala, zenbat txapeldun handi eman ote ditu txirrindularitzaren hiriburuak? Frantziako Tourra irabazi dutenak, errate baterako, bortz dira: Louis Trousselier, Octave Lapize, Henri Pelissier, George Speicher, eta, azkena, Laurent Fignon —emakumezkoetan ez dago garaile paristarrik—. Eta Andre Leducq 1930eko eta 1932ko Tourren irabazlea ere nabarmentzekoa da: ez zen Parisen jaio, ondoko Saint-Ouen udalerrian baizik; hain zuzen, olinpiar hiria hartzen dutenetako batean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.