Ameriketako Estatu Batuak, Txina eta Frantzia. Dominen podiumeko lehen hiru herrialdeak. Yufei Zhang, Leon Marchand eta Torri Huske dira domina gehien lortu dituzten kirolariak; hirurak, igerilariak. Santa Luzia, Dominika eta Cabo Verde; edo Julien Alfred, Thea Lafond eta David de Pina. Dominen zerrendan estreinatu diren herrialde eta kirolariak dira, baita Errefuxiatuen taldeko Cindy Ngamba ere. Kinielak eta espektatibak; podiumak eta top 10ak.
Ikastolako agendetan etxerako lanak baino elkarri mezuak idazten genizkion garaiekin gogoratu naiz; eskuz esku pasatzen genituen listekin. Begiz jota zeneukan haren gustukoen zerrenda, gelako neska katxarroena, lagun minena, titi ederrenena. Garai hartako beldur, tripako min, onarpen nahi, eztarriko korapilo, lo gabeko gau, gutxiespen, ezkutuko negar eta forma askotako borrokekin. Akaso horregatik gorroto ditut zerrendak, batek daki. Spotify-ko playlistak ere, nahiago aleatorioan. Zeren zerrendak hierarkiak baitira, eta hierarkiak botereak. Urrezko dominak dir-dir egiten du eta brontzekoa herdoildu egiten da.
Herdoilduta beharko luketen diskurtso gehiegik oihartzun handiegia izan dute Olinpiar Joko hauetan. Zeren, zerrendatzen eta zenbatzen hasita, zergatik ez ditugu kontatzen irain homofoboak? Trans baztertzaileak? Egon diren eraso matxistak? Salaketa kopuruak? Bortxatzaileak? Edo domina irabazi duten zenbat emakumeek jaso dituzten ezkontza eskaerak? Horien atzean ere badaude hierarkiak eta botereak.