ainara arratibel gascon
Notre-Dameko plazan

A zer-nolako aldea!

2024ko uztailaren 27a
05:05
Entzun

Olinpiar Joko guztiak dira desberdinak. Tokiokoen eta Pariskoen artean, baina, a zer-nolako aldea! Tokiokoetan musukoak, testak eta COVID-19ak eragindako neurri murriztaileak izan ziren protagonista. Parisen, beren mamia berreskuratu dute; bai, behintzat, gauza askotan. Ederra da ikustea, adibidez, mundu osoko kirolariak olinpiar hirian beren eguneroko martxan. Bestalde, test positibo batek hiru urteko lan nekeza zapuztuko duen mamurik gabe egin ahal izan dute kirolariek prestakuntza, eta hala heldu ahal izango diote lehiari ere.

Zaleak ere mugarik gabe sartu ahal izango dira kirolguneetara. Tokion tristea bezain gogorra izan zen estadioak, pabiloiak eta abar hutsik ikustea, bai kirolarientzat, bai Joko haiek kontatzen aritu ginen kazetariontzat. Zaleak dira kirolaren bihotza, eta haiek gabe ez du taupadarik. Doinua eta zirrara falta izan zitzaien Joko haiei, isiltasuna baitzen nagusi kirolguneetan.

Kazetariok ere oso mugatua izan genuen gure jarduna. Olinpiar hiria bunker bihurtu zuten, eta ia ezinezkoa zen hara sartzea. Kirolguneetara joateko baino ez genuen baimena, eta kalera irteteko 15 minutuko tarteak; gehienez ere jatekoa erostera joateko. Oso murritza zen kirolariekin aurrez aurre hitz egiteko aukera ere. Parisen ez dugu halako trabarik, eta abuztuaren 13ra bitarte hementxe izango gara euskal kirolarien egunerokoaren berri ematen, gertuagotik. Guretzat ere piztu da zuzi olinpikoa. Gozatzen saiatuko gara, eta irakurleei gozarazten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.