maider ilarregi fernandez
Hari baten gainean

Zauriak eta gazak

2024ko abuztuaren 6a
05:00
Entzun

Zauri bati gaza bat jartzen diozun modura, kirolak ere aseptikoa izan behar duela diote. Politikoki waterproof. Kirolaren Zuzenbideak dio ideia politiko, ideologia, sinismen eta erlijioari dagokionez neutrala izan behar duela. Antzeko zerbait gertatzen da Gutun Olinpikoarekin: kosta ahala kosta, manifestazioz eta propagandaz libre dagoen esparrua izatea lehenesten da. Kirolaren leloa errespetua omen da. Nik, aldiz, epeltasun handia ikusten dut.

Egiari zor, ados egon ninteke fair play horren irizpide batzuekin, baina astebete daramat telebista eta sareak arakatzen, eta domestikoa dirudien horri ere usain politikoa hartzen diot. Hamaika adibide aurki ditzakegu. Kasualitate gutxi du Trumpek kristautasunaren alde egindako defentsak irekiera ekitaldiaren ostean; ildo beretik joan ziren Meloniren adierazpen transfoboak. Suposatzen dut Frantziako ereserkia emakume arrazializatu batek abestu izanak ere Le Peni eta bere kuadrillari tripako mina eman ziela. Seguruena, Senan bainatu ostean komunera ezin iritsi dabilen triatleta belgikarraren moduko mina, ikusirik, gainera, zenbat diru publiko gastatzen ari diren ibaia tratatzen eta zeinen urriak diren edateko doako ur kokalekuak Parisko espazio publikoetan. Burugogorkeria eta politika.

Bestalde, larria da Palestinak eta Israelek lehia baketsu bat izango dutela esatea; pentsatuko dute ikuslea inozoa dela. Garrantzitsua da Ilona Maher errugbilariak body positive diskurtsoa zabaltzea sareetan, inori baimenik eskatu gabe, 3,1 milioi jarraitzaile edukita. Ezkontzeko bi eskaera egon dira, baina, noski, gizonezkoek ezkontzeko eskatu diete emakumezkoei; familia eta tradizio heterosexualak ez dira inoiz periferia izango. Eta beste punta ideologikoan, Kamerungo emakumezko boxeolari Cindy Ngambak domina bat ziurtatu du lehen aldiz Errefuxiatuen Taldearentzat. Lesbiana izateagatik Erresuma Batuan ihes eginda dago. Pikutara goaz, eta merezita.

Ideologia, errepresentazio eta aldarriak alde guztietakoak dira, baina kontua da batzuetan batzuei egiten diela azkura zauriak, eta beste batzuetan, aldiz, besteoi. Kirolari buruz ari garenean, agian, hobe litzateke aldez aurretik farmaziatik pasatzea eta gaza stock bat edukitzea etxean, mimoz gordeta. Kuraia, dagoeneko Olinpiar Jokoen erdia egina dugu eta!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.