maider ilarregi fernandez
Hari baten gainean

Tranpolin jauziak

2024ko uztailaren 27a
05:00
Entzun

Hemerotekari erreparatzen badiogu, eta zein ona den Wikipedia horretarako, antza 1900ean egin ziren lehen aldiz Olinpiar Jokoak Parisen, eta 1924an bigarrenez. Lehen Mundu Gerraren osteko hamarkada horrek les années folles, edo euskaraz, urte zoroak izenez dira ezagunak. Bi guden arteko arnasgunea izan ziren urte haiek, sexu askapen, esperantza eta deshinibizio gotorleku. Eta aitortu behar dizuet goxo egiten dutela sabelean termino horiek, eskuin muturraren gorakadak eta erreakzionarismo erradikalek gogoa ematen baitute telegarraioan beste garai haietara ihes egiteko. Halabeharrez, panorama hankaz gora egonik ere, eta Frantzia azken segundoetan libratu delarik, Israel lehen lerroan dugu, baina baita Hungaria, Italia, Finlandia eta Herbehereak ere. Denak lasai ikusi ahal izan ditugu kirolaren festa koloretsuari hasiera ematen Senan zehar. Eskerrak Aya Nakamura dugun erresistentzia arma onena.

Jarrai dezagun atzera begira tarte batez. Coco Chanelek, hartara, à la garçonne ile orrazkera jarri zuen modan 1924an, eta belle époque garaiko kortseak apurtu, literalki eta sinbolikoki. Genero espresioari dagokionez, iraultza txiki-handi bat. Bitartean, Kiki de Montparnasse eta Josephine Baker, gaur egungo Rosalia eta Beyonce, garai hartako gauak dantzan jartzen zituzten emakume protagonistak izan ziren, egun porlan triste kolorea duen Hendaiatik trenez zuzenean iristen zaren auzo horretan. Datuek diote 3.089 kirolarik hartu zutela parte, eta 40 herrialdetatik iritsi zirela Frantziako hiriburura. Lehen aldi ugari izango ziren Joko horietan, eta lehen aldi ugari egongo dira, ziur, aurtengo Paris honetan ere. Halere, aurtengo argazkia guztiz bestelakoa da, kirol peregrinazioan 203 nazio eta 10.500 kirolari iritsi dira, eta, Frantziaren harrotasunerako, %50 lehen aldiz emakumezkoak izango dira. Dominaren beste aldean, ez da lehen aldia izango, ordea, kirolari transek Olinpiar Jokoetan egoteko aukera izango dutena, dirudienez dopajearen kontrako beto berbera jasotzen dute, edo agian ez, ikusirik Errusiaren parte hartzea Tokion. Caster Semenya galdu genuen, Joko hauetan Halba Diouf eta Lia Thomas, eta Nikki Hiltz eta A.Quinn ikusi ahalko ditugu.

Aspaldi dugu argi lasterketa honetan mugimendu sozialek eta herriak kirolaren aurretik doazela, eta asumitzen hasi beharko dugu, Freddie Mercuriren We Are the Champions abesteari utzi beharko diogula kirol esparruetan. Aldi berean, seguru jende mordoari gertatzen zaion gauza harrigarri bat gertatzen zait niri, irrikan nagoela tranpolin saltoak ikusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.