Gaia konplexua da. Ez dut uste jendarteak argi duenik Paralinpiar Jokoak nolakoak diren. Ni ere zalantzaz josia nago. Milaka kirolarik hartzen dute parte, baina ikusezinak dira.
Atzo, Bionic filma ikusi nuen. Elkar ezagutzen ez duten bi lagunek gomendatu zidaten. Pelikula txarra zela aipatu zuten biek; eta hala da. Ikuspuntu berritzailea zekarrela dirudienean, aparrak bezala, behera egiten du.
Gertuko etorkizun distopiko batean kokatzen da. Arrakasta, ospea eta kapital soziala anputatuak dauden kirolariek dute. Sorpresa. Protesi bionikoei esker, mundu mailako kirol marka guztiak apurtzen dituzte. Kirolari arruntak, aldiz, ohituta ez dauden itzal triste batean daude zokoratuak. Honaino, berritzailea da. Gero, lapurretak, ahizpen arteko lehia, iraultza arraro bat eta hilketak nagusitzen dira narrazioan; eta filma izorratu egiten da. Maitale toxiko bat ere badago, ezer berririk ez, denok dugulako horrelako norbait inguruan. Filma une oro epikoa da, eta amaiera gazi-gozoa du.
Paris hiriburu zaila da: basatia da, garestia, eta abiadura handiegian mugitzen da. Ez dago egokitua jendarte zabalari. 20-50 urte bitarteko pertsona langileen beharretara dago egina; besteak, beraz, hiri kanpoaldera bidaltzen ditu, batez ere aniztasun funtzionala duten pertsonak. Protestak izaten ari dira, Olinpiar Jokoen etorrerak hiriaren arkitektura modifikatuko zuelakoan. Esperantza zuten mugikortasuna mugatuagoa duten horientzako egokituko zutela Paris. Ez da apenas gertatu.
Inklusioa ez da gertatuko haiek gure erritmoetara egokituko direlako; inklusioa gertatuko da baldin eta gure marko kapazitistari begirada kritiko bat ematen badiogu. Iraultza bionikoa iritsi bitartean, ikusezina den horri argia jartzen hasi gintezke. Momentu honetan Parisen dauden kazetariak Paralinpiar Jokoak hasten direnerako hara itzuliko balira, itzaletik ateratzeko lehen pauso bat litzateke.
Hari baten gainean
Paralinpiar Jokoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu