maider ilarregi fernandez
Hari baten gainean

Olinpiar hiria

2024ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun

Hiri berri hau olinpiar hiria deitzen da, eta dagoeneko ezaguna zaigun Sena-Saint-Denis auzoan eraiki dute. 16.000 pertsona inguru bat-batean. Pentsa, Lizarra, Hendaia, Ermua, Bermeo edo Andoain eraikitzearen parekoa litzake biztanleei erreparatzen badiogu. Aurrekontua 6,8 milioi eurokoa zen hasieran, baina 8,8 milioikoa izan da azkenean. Eraikitzeko denbora, berriz, 4 urte inguru izan da. Ez dakit hau dena zerotik eraikitzea beharrezkoa den, baina Jokoen ostean auzo berri bat izango omen da, seguruena gentrifikazioari beste aletxo bat gehituko diona; baina, lasai, auzo ekoarduratsua da. Antza, aldaketa klimatikoen ondorioei eutsiko dio. Nri arrapaladan bunker bat etorri zait burura, baina pixka bat politagoa, 9.000 zuhaitz landatu dituzte eta. Behintzat, hiri hau martxan dago, ez AHTa bezala.

Kuriosoa da tokia. Poliziak, ukrainarren eta errusiarren arteko gerra, palestinarren aurkako israeldarren genozidioa, bi Koreen arteko tentsioa, eta oro har estatubatuarren eta munduaren arteko rollo txarrak kudeatu beharko ditu bertsio intimoago batean; eta seguruena, eraso matxistaren bat edo beste ere bai. Kirolari gehien dakartzaten herrialdeek erabakitzen dute hurrenez hurren hiriko zein zonatan geratuko diren, AEBetatik hasita, Frantzia gero, Risk mahai-jolas zaharraren antzera, munduaren maketa txiki bat sortu arte. Aldi berean, beste herrialdeetako 1.800 polizia-militar dabiltza bueltaka bertan; berdintasunarenak baino gehiago, azkenerako segurtasunaren Jokoak izango dira. Posta zerbitzua ere badute, frantsesen harrotasun vintage bat, jarri dituzten dendetako souvenir-ak bidaltzeko izango da, jakina baita kapitalismoa eta zerbitzu publikoak beti izan direla maitale onenak. Beste maila batean, supermerkatuak, liburutegia, hamabi garbitegi, ile-apaindegiak eta pedikura-manikura zerbitzuak ere badaude. Baina atentzioa deitu didana kantina erraldoia izan da. 40.000 otordu eskaintzen ari dira egunero. Gure eskola publikoaren makrojoera kontuan hartuta, akaso, sistema hau aproposa izan daiteke.

Jaurlaritzaren norabide liberala ikusirik, seguru badutela zer ikasia eta zer kopiatua. Eskerrak debekaturik dagoen hiri honetako irudiak ezagutaraztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.