Nerea Zusberro Alberro.

Munduko Koparen jarraipena

2024ko uztailaren 25a
05:00
Entzun

Gizonezkoen futbolean Olinpiar Jokoak Munduko Koparen lehia desleialtzat hartu izan dira. Emakumezkoen futbolean, ordea, bozgorailu sozial izaten jarraitzen dute. 1996ko Atlantako Olinpiar Jokoak, 1999ko Munduko Koparen aitzindari izan ziren. Hain zuzen ere, Munduko Kopa hartako finalean ordu arteko marka guztiak hautsi ziren. 90.000 zale elkartu ziren Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko finala ikustera.

Gizonezkoen torneoan ez bezala, jokalarien adinean ez dago murrizketarik. Beste hainbat diziplinetan gertatzen den bezala, oraindik ere erakusleihoan jartzeko beharra dago. Horri esker, iragan udan jokatu zen Munduko Koparen tankerako txapelketa batekin gozatu ahal izango dugu.

Anfitrioia eta txapelduna

A multzoan daude Frantzia eta Kanada. Lehena, etxean arituko da; eta, bigarrenak, urrea irabazi zuen 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan. Herve Renard da Frantziako hautatzailea, eta urrea lortzeko ez ezik, estereotipoekin amaitzeko ere borrokatuko da. Izan ere, gizonezkoen Frantziako selekzioan bezala, talde gisa moldatzen ez den izar multzo baten sentsazioa transmititzen du emakumezkoenak ere. Wendy Renard erdiko atzelaria izango da multzoaren burua. Baina hegalean jokatzen duten jokalarien indarra eta desorekatzeko gaitasuna dira frantziarren indargune nagusia. 

Lyonen jokatzen dute Selma Bachaek, Delphine Cascarinok eta Kadidiatou Dianik, eta duela bi hilabete, Txapeldunen Ligako finalerdietan, nor baino nor gehiago aritu ziren PSGn ari diren Elisa de Almeidaren eta Sakina Karchaouiren aurka. Ikusgarria izan zen kanporaketa. Orain, ordea, elkarrekin arituko, dominaren bat lortu nahian.

Kanada ez da bere onenean iritsi Jokoetara, eta zaila izango du berriz urrea lortzea. Iaz erretiroa hartu zuen Christine Sinclairrek, eta Quinn izango da jokalari nabarmenena. Erdilaria Kanadako jokalari onena izan zen Munduko Kopan.

Kolonbia, hazten

Munduko Kopan ezustea eman zuen Kolonbiak, eta lehen aldiz Olinpiar Jokoetan arituko da. Helburua: multzoen fasea gainditzea. Frantziaren eta Kanadaren multzo berean arituko da, Zeelanda Berriarekin batera. Baloiarekin bizi jokatzen du Kolonbiak. Horregatik nabarmendu da; baita erasoko jokalariek batetik bestera mugitzeko duten gaitasunarengatik ere. Mayra Ramirez da haren jokalaririk nabarmenena. Hura da emakumezko futbolaren historian fitxaturiko garestiena. Linda Caicedo, Leicy Santos eta Calina Usme ere aipatzeko moduko jokalariak dira. Nekez pilatu daiteke hainbeste talentu erasoan.

Hayesen lehen erronka

Emma Hayes entrenatzaile ospetsuak denbora beharko du urteetan emakumezkoen futbola gidatu eta goratu zuen herrialdeari, AEBei, loria itzultzeko. Baina dagoneko lehen erronka du. Urre olinpiko gehien dituen selekzioa da, baina gaur egun ez dirudi hautagaietako bat denik. Azken Munduko Kopan gabezia taktiko asko erakutsi zituen, batez ere posizio-erasoan jokoa eraikitzeko, eta aurkaria baloiarekin menderatzeko. Alex Morgan zerrendatik kanpo geratu da, eta Trinity Rodman eta Sophia Smith dira belaunaldi berriaren adierazgarri nagusiak.

B multzoan lehiatuko da, Zambiarekin, Alemaniarekin eta Australiarekin batera. Zambiaren helburua da Munduko Kopan eman zuen irudi eskasa hobetzea. Alemaniak belaunaldi aldaketa bat behar du. Baina Alexandra Poppek gidatuko du futbol zelaian. Nekaezina dirudi. Australia da B multzoko selekziorik helduena. Baloirik gabe lan egiteko gaitasun handia duten erdilariak ditu, hala nola Katrina Gorry eta Kyra Conney-Cross; baita kontraerasoa gidatzeko talentua ere. Mary Fowler gaztea da horren adibide.

Bigarren aukeraren eta urrearen bila

Iaz Munduko Kopan gailendu ostean, Espainia da urrea irabazteko faborito nagusia eta, beraz, gainditu beharreko selekzioa. Bertan Euskal Herriko lau jokalari arituko dira: Irene Paredes, Oihane Hernandez, Lucia Garcia eta Elene Lete. Montse Tomek joko testuinguru irekiagoen alde egin du apustu, estiloa aldatu du. Hala, joan-etorriko joko horretan, Salma Paralluelok dituen bertute guztiak erakuts ditzake. Gaur ekingo diote lehiari, Japoniaren kontra (21:00)

Brasilek, Nigeriak eta Japoniak osatuko dute C multzoa. Japoniak 4-0 irabazi zion Espainiari Munduko Kopan. Futbolaren zaleak maitemindu zituen, azkar jokatuz. Baina, gero, Suediak kanporatu zuen, geldikako jokaldietan duen ahalmena baliatuz. Yui Hasegawa eta Hinata Miyazawa arduratuko dira, beste behin, japoniarren jokoa gidatzeaz. Espainia arantza ateratzeko prest dagoela dirudi. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.