maider ilarregi fernandez
Hari baten gainean

Marko berriak

2024ko abuztuaren 3a
05:00
Entzun

Biolentziaz jositako auzia da. Patriarkatua horrelakoa da. Jule Goikoetxea filosofoak dioen moduan, patriarkatua dominazio sistema bat da, eta haren barruan sinesmen sare oso bat aurkitu dezakegu. Horien artean, hegemonikoena eta gehien naturalizatu duguna gizonen eta emakumeen existentzia da; emakume edo gizon jaiotzen garela sinistea, alegia. Erregimen politiko autoritario honek ez digu uzten, beraz, bi kategoria horietatik kanpo beste zerbait pentsatu eta sortzen. Baina beti izan dira arrakalak.

Sexu-genero sistema modu diziplinarioenean ezartzen duen estamentua da kirola. Bere sinesmen estruktura zalantzan ez jartzearren, erabakiak hartzen dituzten zis gizon zuriek nahiago dute pentsatu akatsa kirolari jakin batzuen baitan dagoela, eta ez kirol sisteman. Gizartean ikusten dugun berbera da. Binarismo hau egonkortzeko estrategia ezberdinak erabili izan dira historikoki. Deigarriena, 1968tik generoa egiaztatzeko frogak dira. Hasieran, froga fisiko-anatomikoak ziren, eta intersex pertsonei esker konturatu ziren arte teoria ez zela sostengatzen. Ondoren, X eta Y kromosomak begiratzen hasi ziren, oso-oso konbentzituak, ohartu ziren arte XX eta XY baino aukera askoz ere zabalagoa dagoela jendartean; kromosoma hau ere ez-binarioa omen. Egun, testosterona maila neurtzen ari dira. Atletismoan hamar nanomol ziren odol litro bakoitzeko, gero bost, eta martxotik aurrera, 2,5. Martxa honetan ez da emakumerik geratuko atletismoan. Galde diezaietela Francine Niyonsabari eta Christine Mbomari; zis emakumeak dira biak.

Hautsak harrotzen dituen afera da, baina ezin bestaldera begiratu giza eskubideen urraketak askotarikoak izan direnean: umiliazioa, mutilazio genitala eta esterilizazioa. Stella Walshetik Caster Semenya arte, kirolari andana geratu dira lehiatu ezinik. Aurten, Parisen, Halba Diouf eta Lia Thomas ez dituzte onartu, eta, berriki, Imane Khelif boxeolariak eskuin muturraren eta talde transbaztertzaileen aldetik jasan duen jazarpena ikusi ahal izan dugu.

Urgentea da beste marko batzuetatik kirolari begiratzen hastea. Feministok jarrai dezagun kirolean ere boterea hartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.