maider ilarregi fernandez
Hari baten gainean

Lorategi ingelesa

2024ko abuztuaren 9a
05:00
Entzun

Frantsesen eta ingelesen lorategi estiloak zeharo ezberdinak eta kontrajarriak dira. Alde batetik, XVII. mendeko forma geometriko, simetriko, artifiziotsu, kartesiar eta zentralistak ditugu; adibide nabariena Versaillesko jauregia dugu. Kontrara, XVIII. mendetik zuhaitz eta landareen hazkuntza librea sustatzen duen lorategi ingelesa dago; forma geometrikorik gabea, libreagoa eta ekologikoagoa.

Versaillesen bertan ari dira jokatzen Olinpiar Jokoetako zaldiketa lehiaketak. Lorategia bezain koadrikulatua da zaldiak eta zaldunak egin behar duten ibilbidea. Animalia zaldi-korta batean sartzen dugun momentutik eta beretzako naturalak ez diren mugimenduak egitera behartzen dugunetik, ongizatea falta dela uler genezake. Berriki, Charlotte Dujardini Olinpiar Jokoetan parte hartzea debekatu zioten. Lau urte lehenagoko bideo bat argitaratu zuten, eta, horretan, Dujardin agertzen da, haren zaldia minutu baten buruan hogei aldiz baino gehiagotan zigorrarekin jotzen. Dujardinek hiru urre, zilar bat eta bi brontze ditu Olinpiar Jokoetan. Tokion, Kim Raisner entrenatzaileak bere zaldia kolpatu zuen denen aurrean. Publikoki hori egiteko ausardia badu, pentsa zer jasaten duen animalia horrek itzalean dagoenean. Beste zaldi bat ere sakrifikatua izan zen, lotailu bat apurtu ostean. Asaldatuko ginateke futbolari bati gauza bera egingo bagenio belauneko gurutzatua hautsiko balu.

Biolentzia horren guztiaren atzean dominazioa besterik ez dago. Eztabaidatik debekura pasatu beharko ginateke animaliak erabiltzen diren kiroletan eta ikuskizunetan: hala nola zezenketak, eta Donostiako Kontxa pasealekuan ikusten ari garen afixak; a zer lotsa bertakoa izatea. Debekatu egin beharko lirateke, baita ere, festetako sokamuturrak, idi probak, animalien borrokak, ehiza eta arrantza, txakur lasterketak eta zoologikoak, besteak beste.

Asko gustatu zait azken egunotan ikusi dudan mendeku poetikoa. Henrik von Eckermannek amaitua zuen ibilbide loriatsua, eta urrea ukitzeko zorian zen, baina haren zaldia kolpez gelditu da, eta zalduna muturrez aurrera bota du. Antza, zaldiak ez daki zer den urrezko domina; eta akaso, momentu horretan lorategi ingeles eder batean ari zen pentsatzen; eta zergatik ez, bere erretiroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.