Zerua oskarbi eta 33 gradu. Kameraren pantailan termometroa. Hitzik gabe, beroegi dagoela eta itzaltzeko eskatzen ari zait. Lankide baten sakelakoak funtzionatzeari utzi dio. Hamabi ur botila edan ditu, baina ez du pixagurarik. Inguruan dituen hainbat kazetarik aterkiak zabaldu dituzte. Itzalpean daude besteak, krema eman eta eman bera. Senako ura hotz irudikatzen dut. Begiratzeak bainua hartzeko gogoa pizten dit. Bero itsaskorretik ihes egin nahian, ingurukoei begira jarri naiz Instagramen. Hori bai dela zaila, Instaz desitsastea. Lagun baten argazkia, duela urtebete Senan bainatzen. Azalean ur tantak. «Oraindik ez zait ez legenik ez hirugarren begirik atera», esan dit. «Alkateari ere ez», erantzun diot. Baina ni ez naiz M. bezain ausarta —eta eskerrak—.
Lankide bati besoa berotzen ari zaio. Operatua dago eta burdina du hezurraren ordez. Izerdiaren tenperatura aldatu zaio; izerdi hotza. Beste lankidea erre egin da. Beroak logalea eman dit, eta izerdi patsetan egonagatik, pixalarri naiz. Ez dago ez iturririk, ez komun publikorik. Tabernara sartu naiz. Kafe hutsa, 6 euro eta erdi. Madrilen bi alditan multa jarri dioten herrikidearekin gogoratu naiz. Kontsumitzeko dirurik ez, kalean komunik ez eta… «Errua norena da?», galdetu zidan. «Multa jarrita ez da arazoa konpontzen», erantzun zuen berak. Parisen ere berdin.
Gaur ere sargori da. Zerua urdin eta 27 gradu. Aterkia hartuta joan da lankidea Vaires-sur-Marnera.