Parisko Olinpiar Jokoen antolakuntzak segurtasun pribatuko 22.000 langile inguru kontratatu ditu. Bertzeak bertze, horiek arduratu dira egun hauetan gune olinpikoetara sartzeko kontrolez. 22.000 Dolph Lundgren topatzea espero zuenak ez du horrelakorik harrapatu. Mota guzietako itxura eta gorputzak dituzte: badira zuriak, badira beltzak, badira gizonak, badira emakumeak, badira zaharragoak, badira gazteagoak, badira garaiagoak, badira txikiagoak, badira lodiagoak, eta badira argalagoak. Jarreraz, oro har, zuzenak —«egun on» bat gutxitan gelditzen da erantzun gabe—, eta zorroztasunean ere plural: «Horregatik lasai pasatu, motel» batzuek, edo «et, et, et! Ez hain agudo. Botilako hori ura da? Emanen diozu trago bat nire aitzinean?», bertzeek.
Zenbaitetan, elkarrizketarako gogoz ere izaten da baten bat. «Nongoa zara?», eta erantzuna, «Pays Basque». Baina frantziarrak hori aditu eta akreditazio txartelean (Esp) paratzen duela ikusten badu, begitartea okertuko du, espainiarrak okertuko lukeen bezala «Pais Vasco» aditu eta (Fra) ikusita. «Pays Basque espagnol?». Norberaren izaeraren araberakoa izaten da egoera horietan barreneko Kandido Saseta ateratzea edo irribarre batekin aitzinera segitzea, baina batzuek badute gaitasuna inor epel ez uzteko: «Nik ezagutzen dut toki bat hor». Pampelune erranez gero, puntuak irabaziko lituzke lurraldetasun metroan, baina baietz bota Saint-Sébastien edo Bilbao klasikoak. Ba, ez: «Irun».