maider ilarregi fernandez
Hari baten gainean

Hondartzaren eskuinaldea

2024ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun

Benetan kaskarra naiz surfean. Emakumea* Surflari proiektu zoragarriarekin hasi nintzen uretan sartzen, 30 urteak pasatuta nituela. Helburua: nire taula hartu, eta modu autonomoan surfean ibiltzeko ezagutzak eta adorea pilatzea. Lortu nuen; hori bai, zutik denbora luzez olatu gainean mantentzeko nekez aritzen naiz. Itsasoari begira nagoela, atentzioa eman izan didate, beti, ezker-eskuin olatuen gainean dantzan ari diren horiek. Ez dut inoiz ongi ulertu, edo ez dut ulertu nahi izan, nola lokala edo bertakoa den pertsonak preferentzia duen olatuak hartzeko orduan. Zer-nolako pribilegioa batzuek dutena. Nortzuek, ordea? Donostian jaioa izanik, eta gaur-gaurkoz urte batzuk badira bertara bizitzera itzuli nintzela, zergatik da hain zaila Zurriolako eskuinalde horretan bainua hartzea? Galdera haizeak eraman ohi du.

Maila profesionalago batean, Olinpiar Jokoetako surfeko dominen borroka Tahitin egiten ari dira. 1842. urtetik dira Tahiti eta Polinesia Frantsesa Frantziaren kolonien parte. 2004tik, aldiz, itsasoz haraindiko kolektibitatearen barnean dago, erlatiboa den autonomia politiko batekin; eufemismo bat, alegia. Kolonialismoak maskara aldatzen du, baina aurrera jarraitzen du. Ezin ahantzi Frantziak bi hamarkada luzez bertan eginiko 147 entsegu nuklearrak. Milaka hildako eta gaixo. Ederra da Gabriel Medina surflari brasildarrari egin dioten argazkia, baina ur horiek memoria historiko lazgarria dute. Beti egon dira bigarren mailako pertsonak, eta argi dago Joko hauen geopolitika konplexua dela.

Lau euskal herritarrek parte hartu dute surfeko txapelketan; harro egoteko modukoa da. Euskal selekzioaren faltan, Frantziako eta Espainiako likrak jantzita ari dira surfean, lastima. Ikusiko da noraino iristen diren sailkapenean. Aldi berean, indar berarekin, espero dut, Zurriolan bezala, agian Tahitiko hondartzek izango dutela eskuineko alde bat bertakoentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.