maider ilarregi fernandez
Hari baten gainean

Estaturik gabeko nazioa

2024ko abuztuaren 7a
05:00
Entzun

Olinpiar Jokoetan parte hartzea galarazita duten herrialdeetako kirolariek herri ordezkaritzarik gabeko taldean aritzeko aukera dute; betoa estatuarentzat da, ez kirolariarentzat. Aurten, Bielorrusia, Errusia eta Guatemala dira. Parte-hartzea ezinezkoa egiten duten beste arrazoi batzuk ere badaude: Belgikak uko egin zion triatloiko proba mistoan aritzeari Senako ur madarikatuetan ez sartzearren. Claire Michelek eta bere E.coli-ak ospitaleratuta jarraitzen dute. Lesioak ere ohikoak dira. Carolina Marinen belauneko haustura zuzenean ikustea zaila da.

Parte-hartzea mugatua duten kirolariak ere badaude. Frantziak, nahi duenean oso laikoa eta koherentea den estatuak, emakumezko kirolariei hijab-a erabiltzea debekatu die probetan; hori bai, federazioetako gizonek debekatu diete, emakumeei kirol arropa hipersexualizatua janztea derrigortzen dietenek; dena ongi. Tradizioa izan ohi da haien aitzakia. Feministok argumentu hori aspalditik ezagutzen dugu.

Beste muga bat estaturik gabeko nazioen parte-hartzerik eza da. Zer edo zer badakigu honi buruz. Badira pare bat egun gaia buruan darabilkidala. Zehazki, galdera bati ari natzaio bueltaka: Euskal Herriko etxeko intimitatean nori ari zaio jendea animatzen? Aitortu behar dizuet neure burua harrapatu nuela herenegun urduri eta ia garrasika Espainiaren eta Alemaniaren arteko emakumezkoen hiruko saskibaloiko finalean; eskerrak hamar minutu besterik ez ziren izan. Amaitu bezain laster, lotsa moduko bat nabaritu nuen gorputzean. Kolonbiaren eta Espainiaren arteko emakumezkoen futbol partidan ere Kolonbiaren aldeko afari bat apustu egin nuen, eta galdu, ez zedin hainbeste nabaritu nahiago nuela Espainiak irabaztea. Aliatu batzuk baditut nire inguruan. Badakit ez naizela bakarra kontraesan handi honetan.

Lehendakaris Muertos taldearen Gora España abestia entzun berri dut. Gora Francia izan zitekeen. Uste dut estatu propioa ez dugun bitartean, eta izatekotan, bide batez feminista izan dadila, herri honen koherentziaren eta osasun mentalaren alde, aukera ona izan daitekeela aztertzea herri ordezkaritzarik gabeko taldean parte hartzeko eskaera egitea.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.