Kontxako badia bezainbeste erromantizatzen da Paris, edo gehiago. Gaztelugatxe bezainbat. Edo Bardea, Trebiñu eta Ipar Euskal Herria —bai, osorik—. Erromantizatzen da zaintza lana, laguntasuna, kuadrilla. Erromantizatzen da hipotekatzea, familia, haurrak izatea. Erromantizatzen da furgonetan bidaiatzea. Oro har, bidaiatzea; eta, bidaia askotan, pobrezia. Erromantizatzen da alkohola. Tabakoa. Legezkoak ez diren drogak, testuinguruaren arabera. Eta sufrimendua, dolua eta bakardadea.
Egoera, ekintza edo harreman bat idealizatzea da erromantizatzea; errealitatea poetizatzea eta edertzea; eta, ondorioz, ezkutatzea. Erromantizatzen ditugu bikote harremanak —bereziki heteroak—, antsietatea, eta lana. Lana, lana eta lana. Lanpostuak ere bai: editoreak, zinemagileak, eta kazetariak. Eta Olinpiar Jokoak. Eta berriz ere Paris.
Esnatzen baikara zortzietarako, eta lanean baikaude zortziak eta hamarretarako. Korrika goaz batetik bestera. Lekuetan baino denbora gehiago ematen dugu bidean. Kafe huts batengatik sei euro ordaintzen dugu, eta horrela begi zuloak kentzea garestiegia da. Kale bazterreko petrilean eserita egiten dugu lan, eta bazkaldu. Gozamen tarte labur baterako zerbeza bat eskatu, eta 11,99 euro kobratu dizkidate. Edaten hasterako apar guztia jaitsi zaio, baita niri ere. Gauerdia pasatuta lanean jarraitzen dugu, eta ohean etzateak atsedena bezainbeste bizkarreko mina dakar. Hori nola poetizatu daiteke?
Baina jarraitzen dugu erromantizatzen eta datozenekin amesten.