Abuztuaren 8a atzo. Michele Angiolillo anarkista italiarrak Arrasateko bainuetxean Antonio Canovas del Castillo Espainiako gobernuburu eta pikaro gaizki hezia hil zuen eguna, 1897an. Zer bertze notizia izanen ote zen Euskal Herriko berripaperetan abuztuaren 9an? Inork erreparatuko al zien pilota partidei, boxeo borrokaldiei edo belodromoetako lasterketei? 127 urte geroago, Carles Puigdemont Kataluniako presidente zelarik Espainiaren errepresiotik ihesi atzerrira jo zuena itzuli egin zen. Eguna badatorrela iragarri, jendaurrean agertu masa piztera, eta Polizia agertu aitzinetik desagertu. V for Puigdemont.
Japoniako hego-mendebaldea Richter eskalako 7,1 graduko lurrikara batek astindu zuen, eta tsunami alerta eman zuten. Muhammad Yunus Bakearen Nobel sariduna Bangladeshera itzuli zen, gobernuaren buruzagitza hartu eta karriketara bakea ekartzeko. XIX. mendean Bangladesh kolonizatu zutenen karrikak ere sutan ziren, baina, kasu horretan, faxismoak erregaia eta txiskeroa emanda. Ukrainak Errusia inbaditu zuen —bai, bai, ordena horretan—, eta Taylor Swiften kontzertu bat bertan behera utzi zuten Vienan, Estatu Islamikoaren ustezko bi jarraitzailek sarraski bat egin nahi zutelakoan.
Ba ote da inor bertze norabait begira? Behin honat etorrita, Borsalino zapela buruan paratu, gabardina grisari tira egin, eta erran egin beharko da: «Beti izanen dugu Paris».