maider ilarregi fernandez
Hari baten gainean

Beste Paris bat

2024ko abuztuaren 8a
05:00
Entzun

Begirada biologiko batean geratzen bagara, nekez lortuko dugu kirol tradizionalean jendarteak eskatzen dituen aldaketetara egokitzea. Kirolaren markoa zabaltzeko gai ez bagara, eskuin ideologiari tokia ematen jarraituko dugu. Oso ideia txarra da. Uste badugu kirola Olinpiar Jokoetan ikusten dena baino ez dela, fokuetatik kanpo geratzen diren hainbat praktika begi bistatik galduko ditugu. Horiek ere, interesgarriak izateaz gain, ikasteko balio digute. Bizitzan zurrunak bagara, oro har, modu mugatuan desiratuko dugu. Eta nik kirola askeagoa eta askatzaileagoa izatea nahiko nuke.

Kirol tradizionala gogorra da. Erabaki gordinak hartzen ditu. Gorputz konkretu batzuk praktikatik kanpo uzten ditu. Hori dena Olinpiar Jokoetan eta eskolako patioetan ere gertatzen da. Zorionez, kirol alternatiboak existitzen dira, nahiko erabiliak gaur egun gorputz heziketako eskoletan. Arauak moldagarriak dira; beraz, askotariko gaitasuneko taldeak sortzeko aukera dago; inklusiboagoa da. Kooperazioak askotan aurrea hartuko dio txapelketari, eta sexu-genero banaketak ez du praktika hezurtuko. Haien adibide Ultimate, Spikeball, Kin-Ball edo Quidditch Muggle jokoak dira.

Parisera itzulita, Olinpiar Jokoetan dagoeneko domina eta diploma dezente eman dituzte. Tentsioa, malkoak, lesioak, izerdi-besarkadak, omenaldiak eta orokorrean emozioen abiadura handiko igogailu erraldoi bat martxan dago egun hauetan.

Aldi berean, beste Paris bat ere badago; betikoa, esango nuke. Metroaren 9. linea hartzen badugu, hiria ezkerretik eskuinera gurutzatzen duena, hogeigarren barrutira iritsiko gara. Porte de Montreuil geltokian jaisten bagara, handik metro gutxitara Louis Lumiere kirol instalazioak topatuko ditugu parez pare. Astelehen eta asteazken iluntzeetan Les Degommeuses futbol taldea entrenatzen da han. Lesbianek eta pertsona transek osatzen dute talde hori, askotariko jatorria duten pertsonak biltzen dituen elkartea. Kirolean gertatzen diren diskriminazioak futbolaren bitartez borrokatzen ditu. Ez du hiriaren beste aldeko distira bera, baina ziur, entrenamendu osteko potean gertu dagoen La Fleche d’Orespazio autogestionatuan haiekin elkartzen bazara, errealitatetik gertuago dagoen Paris bat ezagutuko duzula; alternatiboagoa, inklusiboagoa eta askotarikoagoa. Modu horretara, alde batera eta bestera begira jartzen bagara, agian tradizioaren eta alternatiboaren arteko zubiak eraikitzeko aukera izango dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.